Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Garrido: "Argi dago gehiengo bat Feijooren hautagaitzaren alde dagoela, erreferentzia baita gure alderdian"

"Etorkizunera begira jarri behar gara. PPren proiektua sendoa da. Argi dago Sanchezen Gobernuari aurre egin diezaiokeen alternatiba bakarra garela", nabarmendu du.

PPren EAEko idazkari nagusi Laura Garrido
PPren EAEko idazkari nagusi Laura Garrido
PPren EAEko idazkari nagusi Laura Garrido

play icon 17:59

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusi Laura Garrido elkarrizketatu dute asteazken honetan Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, eta, besteak beste, bere alderdia arrakalatu duen krisiaz eta Alberto Nuñez Feijooren balizko hautagaitzaz mintzatu da bertan.

Atzotik PPren Antolakuntza Batzordeko kide ere badenak ez du Pablo Casadoren lekua nork hartuko duen argitu nahi izan, baina argi utzi du gehiengo bat Feijooren hautagaitzaren alde dagoela, "alderdian erreferentzia delako". Dena den, adierazi du 100 sinadura lortuta nornahi aurkez daitekeela; "beraz, ikusi beharra dago afiliatu bakoitzak hartzen duen erabakia".

Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusok atzo esandakoak ere ekarri dizkiote gogora Garridori, alegia, zauriak ondo ixteko, bere kontrako ekimenak abiatu dituztenak alderditik kanporatu behar direla. Ez du, baina, horren inguruan txintik esan. "Atzotik garrantzitsuena da etapa bat itxi eta beste bat irekitzen dela. Etorkizunera begira jarri behar gara. PPren proiektua sendoa da. Argi dago Sanchezen Gobernuari aurre egin diezaiokeen alternatiba bakarra garela", nabarmendu du.

Casadoren "akatsei" buruz hitz egiteari ere iskin egin dio: "Krisia bukatutzat eman, eta ilusioa berreskuratu behar dugu".

Alabaina, aitortu du honek guztiak EAEko egoerari eragingo diola, udaberrian PPk egin behar zuen kongresua, adibidez, atzeratu egingo baita. "Hilabete barru egingo dugun kongresu nagusian deituko ditugu gainerako kongresuak", aurreratu du.

Hezkuntza Legearen nondik norakoak ere hartu ditu hizpide. "Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenean ikus zitekeenez, egoera geroz eta okerragoa da. Azken 10 urteotako daturik txarrenak ditu hezkuntzak gaur egun. Horren aurrean, dagozkion azalpenak eman beharko ditu Jaurlaritzak, ez baitu sekula autokritikarik egiten. Kezkatuta gaude, nazionalisten interesen menpe jarri nahi dutelako hezkuntza sistema. Gure proposamena guztiz kontrakoa da, alegia, hezkuntzaren kalitatea, gaztelaniaz ikasteko eskubidea eta itunpeko hezkuntza bermatu nahi ditugu", azaldu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Espainiako Gobernua Espainia argazkiak PP Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia PPko presidente ohia Núñez Feijóo azken ordukoa