Politika -

La Palma

Bertan behera geratu da erkidegoetako presidenteen biltzarra

Ukrainako azken orduetako egoera dela eta, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak biharko deituta zuen Presidenteen XXVI. Konferentzia ez egitea erabaki du. Espainiako Gobernuaren ustez, orain arreta guztia gai horretan jarri behar da.

Presidenteen batzarra
Presidenteen batzarra
Presidenteen batzarra

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Maria Chivite Nafarroako presidentea, besteak beste, hartu behar zituen presidenteen biltzarra bertan behera utzi dute Ukrainako gerraren ondorioz. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak deituta, bihar, ostirala, ziren egitekoa Presidenteen XXVI. Konferentzia Los Llanos de Aridane herrian (La Palma).

Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak Espainiako irrati-kate batean egindako elkarrizketa batean baieztatu duenez, Ukrainako azken orduetako egoera dela eta, bihar ez da erkidegoetako presidenteen bilerarik egingo.

"Komenigarria eta egokia da arlo honetan gure arreta osoa jartzea. Presidenteen biltzarrean landu behar genituen gai eta kontuek itxaron dezakete", azaldu du Monterok, eta biltzarrari ahalik eta lasterren heltzea espero duela gaineratu du.

Hala, Sanchez Bruselara joango da Europako buruzagien ezohiko bilera batera, Ukrainako egoera aztertzeko. Errusiaren erasoaren aurrean Espainiak duen jarreraren berri emateko, Sanchezek agerraldia egingo du Kongresuan; martxoaren 2an izango da, osoko bilkuran.

Errusiako presidente Vladimir Putinek iragarri du operazio militarra abiatu duela Ukrainan bertako biztanleak Ukrainako Gobernuaren "abusuetatik eta genozidiotik" babesteko.

Ostegun honetan igorritako ohar batean, Espainiako Gobernuak "gogor" gaitzetsi du Errusiaren inbasio militarra, eta elkartasuna adierazi die Ukrainako Gobernuari eta herriari.

Espainiako Exekutiboaren arabera, "justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz ikusi gabeko larritasuna duena, eta nazioarteko segurtasuna eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituen zuzenbidearen urraketa nabarmena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Lehendakaria Espainiako Gobernua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Gobernuko lehendakaria Eusko Jaurlaritza berriak