Politika -
Forum Europa saioa
Iturgaiz: "PPk ez du inor soberan, baina batasuna berreskuratu behar dugu hautesleak urrun ez daitezen"
Casadori eta Ayusori eskatu die alderdiaren siglen sinesgarritasuna berreskuratzea, "PPk duen ondasun nagusia" dela iritzita.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
EAEko PPren presidente Carlos Iturgaizek azken egunetan bolo-bolo dabilen Madrilgo presidente Isabel Diaz Ayusoren afera izan du hizpide Bilbon egin duten Forum Europa eztabaida saioan. Besteak beste, PP "arrakalatu" duen krisiaz egin dizkioten galderei erantzun die bertan.
Hala, Ayuso eta Casadoren arteko ika-mikan ez du "zalaparta" gehiagorik sortu nahi izan. "Isilik egon naiz, eta zuhurtziaz eta arduraz jokatu dut, nahiz eta horrek ez duen esan nahi geldirik egon naizenik", adierazi du.
Agertoki horren aurrean, barkamena eskatu nahi izan die espainiar guztiei, bereziki PPren hautesleei, "ez baitute merezi azken egunetan bizitakoa".
"Alderdiaren siglak edozeren gainetik daude. Pertsona askok beren askatasuna eta bizitza eman dute. Gaur egun ere, Sanchezi eta haren politika dohakabeei aurre egiteko gai da PPren proiektua", azpimarratu du.
Gainera, gogora ekarri du bere alderdiak Espainian gobernatu duen aldietan krisi-egoeretatik irteteko gaitasuna izan dutela: "Deitu digutenean hor egon gara, beste batzuengatik jasotako arazoei konponbidea ematen".
Azkenaldian PP astintzen ari den krisia gorabehera, Iturgaizen ustez, PPn ez dago inor soberan, baina alderdi gisa erantzukizun garrantzitsua dute: "Boto-emaileak ez urruntzea, eta haien ilusioa berriro piztea". "Batasuna berreskuratu behar dugu, horretarako", nabarmendu du. Horregatik, Alderdi Popularraren siglen sinesgarritasuna berreskuratzeko eskatu die Casadori eta Ayusori, "PPk duen ondasun nagusia" dela iritzita.
"Alderdi sendoa gara, babes handia dugulako. Inolaz ere ez dugu galdu Pedro Sanchezen gobernuaren alternatiba izateko ahalmena. Are gehiago, gaur-gaurkoz PSOEri irabazteko gai den alderdi bakarra gara. PPren familiak ez du amore emango", esan du.
Euskal Autonomia Erkidegoko egoera politikoa hizpide hartuta, Urkulluren jarrera gogor kritikatu du Iturgaizek, pandemia kudeatzeko moduagatik eta EH Bildurekin hitzartutako akordioagatik, besteak beste.
"Olatuz olatu, Estatuko daturik kaskarrenak izan ditugu, eta zenbait kasutan, baita Europako txarrenak ere. Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzako arduradunen akatsak daude horren atzean", berretsi du.
Ildo horretan, EAEko PPren presidenteak garbi esan du Iñigo Urkullu lehendakariaren unerik zailenak direla, "ez delako irtenbiderik emateko kapaz izan". Zoritxarrez, haien une latzek besteoi eragiten digute", adierazi du.
Aurrekontuen inguruan EH Bildurekin egindako ituna hizpide, orain arte esandakoak ekarri ditu gogora. Trukean, "Hezkuntzan agintzeko aukera emango dio EAJk koalizio abertzaleari, eta autodeterminazioan edo independentzian oinarritutako estatutu berri bati irekiko dizkio ateak", iragarri du.