Politika -
Krisia UPN-n
Sayasek eta Adanerok alegazioak aurkeztu dituzte UPNtik behin-behinean kanporatzeko proposamenaren aurka
UPNk Diputatuen Kongresuan dituen bi diputatuek posta elektroniko bidez bidali dizkiote beren eskariak UPNko Berme eta Diziplina Batzordeari.
Agentziak | EiTB Media
Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko diputatuek alegazioak aurkeztu zituzten atzo, behin-behinean alderditik kanporatzeko proposamenaren aurka. Zuzendaritzaren aginduaren aurka eginez lan-erreformaren kontrako botoa emateagatik bi urte eta erdiz indar politikotik kanporatzea proposatu zuen Berme eta Diziplina Batzordeak. Biek ala biek posta elektroniko bidez egin zuten eskaera, Madrilen zeudelako.
Sergio Sayasen esanetan, "zigor bidegabea, oinarririk gabekoa eta neurrigabea da". Carlos Garcia Adanerok, bere aldetik, ez du adierazpenik egin alegazioak aurkeztu ostean.
Sayasen ustez, alegazioak "zigor bidegabea, oinarririk gabekoa eta guztiz neurrigabea saihesteko aukera bat dira; zuzendaritzak lehen minututik alderditik botatzeko borondate argia erakutsi du".
Horren ahotan, "lehen unetik presidenteak sententzia idatzirik zuen UPNren estatutuen aurka, eta gaur zuzentzeko atea irekitzen dugu".
Sayasen hitzetan, bi diputatu erregionalisten alegazioek begi-bistan utzi dutenez, "UPNko estatutuen lerro bat bera ere ez zuten urratu, eta, gainera, zigor proposamenak Espainiako Konstituzioaren artikuluak urratzen ditu".
Bestalde, erantsi duenez, "gertakariek bozketan asmatu genuela berretsi dute"; izan ere, Pedro Sanchez presidentearekin "ezin da adostu, beti gezurretan dabilelako. Engainua politika egiteko modu bihurtu duenarekin ezin da konfiantzazko akordiorik itxi. Esparzaren hanka-sartzea Sanchezekin berriz fidatzea izan da, beste behin ere".
"Ezin da Sanchezekin adostu, haren politikekin, salerosketekin eta Bildurekin eta gainerako separatistekin ituna egitea delako", erantsi du.