Politika -
Bilera Madrilen
Espainiako Gobernuak lanbide arteko gutxieneko soldata 1.000 eurora igotzea proposatu du
Behin proposamena egin ondoren, sindikatuek eta enpresaburuek denbora bat emango dute, asteazkenera arte, Ministerioaren eskaintza zuzendaritza organoen barnean eztabaidatzeko. Asteazken honetan, arratsaldeko 17:00etan, bilera berria egingo dute.
Agentziak | EiTB Media
Lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 1.000 eurora igotzea proposatu die Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak sindikatuei eta enpresaburuei, orain baino 35 euro gehiago (hilean 965 euro 14 ordainsaritan), urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin, Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Mariano Hoya UGTko Sindikatu Politika idazkariorde nagusiak iragarri dutenez.
Yolanda Diaz Lan bigarren presidenteorde eta Gizarte Ekonomia ministroak ez du zenbatekorik baieztatu, negoziazioari zor dion "errespetuagatik". Aurten 22 eta 40 euro arteko gorakada gomendatu dute adituek. Hala eta guztiz ere, "1.000 euroko gutxieneko soldata izatea" gustatuko litzaiokeela aitortu du Diazek, sindikatuek eskatu bezala.
"Nik iritzi guztiak entzungo ditut. Sindikatuek beti gehiago nahi dute, eta enpresaburuek gutxiago. Nik aldeen arteko oreka pixka bat bilatzen dut", azaldu du presidenteordeak prentsaurrekoan.
Behin proposamena egin ondoren, sindikatuek eta enpresaburuek denbora bat emango dute, asteazkenera arte, Ministerioaren eskaintza zuzendaritza organoen barnean eztabaidatzeko.
Asteazken honetan, arratsaldeko 17:00etan, bilera berria egingo dute. Batzarra akordioarekin edo gabe bukatuko da, baina erabaki batekin, Ministroen Kontseiluak berehala onartzeko, presidenteordeak ziurtatu duenez.
"Aldebiko ala hiruko akordioarekin amaitzen den ikusiko dugu, baina benetan garrantzitsua elkarrizketa soziala izatea da", azpimarratu du Diazek. Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerak bi milioi inguru pertsonari eragingo die, "berdintasunean aurrera egiteko tresnarik onena da", erantsi duenez.