Politika -
Altsasu auzia
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez du aintzat hartu Altsasuko gazteen eskaera
Altsasuko auzian kondenatutako zazpi gaztek babes bila jo zuten Estrasburgora, bidezko epaiketarik ez zutela izan eta neurriz kanpoko zigorrak ezarri zizkietela argudiatuta.
O. A. - A. S. | EITB MEDIA
Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota du Altsasuko auzian zigortutako gazteek egindako eskaera. Altsasuko auzian kondenatutako zazpi gaztek babes bila jo zuten Estrasburgora, bidezko epaiketarik ez zutela izan eta neurriz kanpoko zigorrak ezarri zizkietela argudiatuta. Giza Eskubideen epaitegiak, ordea, atzera bota ditu eskaera guztiak.
Horrela jakinarazi du gazteetako batek, Iñaki Abadek, sare sozialetan zabalduriko mezu batean.
Amaia Izko Altsasuko gazteen abokatuetako batek erabakiaren inguruko lehen balorazioa egin du Euskadi Irratian: "Pena da itxaropena baigeneukan Estrasburgoko tribunalak aztertuko zuela kausa hau. Pena da, ez da horrela izango, baino horrek ez die balioa kentzen gizarteak irregulartasun eta eskubide urraketa horietaz egiten duen irakurketari, hausnarketari eta atera dituen ondorioei. Horrekin gelditu nahi dugu".
Ildo beretik mintzatu da Altsasu Gurasoak plataforma, eta "zapore gazi-gozoa" dutela aitortu dute gazteek eta euren familiek. Antton Ramirez de Alda familien bozeramaileak nabarmendu duenez, Auzitegiak eskaerak ez onartzeak "ez dio kentzen balioa gure salaketari eta bideari. Oso injustua izan zen dena, eta hori argi geratu da. Horrekin geratu gara, eta gizarteak ere berdin pentsatzen duela uste dugu".
Espainiako Auzitegi Gorenak urtebete eta 9 urte eta erdira arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkien Altsasuko gazteei, terrorismo deliturik ez zela izan ondorioztatuta eta Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra pixka bat arinduta.