Politika -
Lan erreforma
Hitzarmen autonomikoak lehenetsiko direla bermatzeko exijitu diote EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari
Espainiako Gobernuak elkarrizketak abiatu ditu EAJrekin eta EH Bildurekin, Kongresuan lan-erreforma onartzeko akordioa bilatzeko asmoz.
Agentziak | EITB Media
Josune Gorospe EAJko diputatuak esan du Espainiako Gobernuarekin harremanetan ari direla lan erreformaren esparruan hitzarmen autonomikoak Estatukoen gainetik lehenesteko, eta oraingoz, akordiorik ez dagoela erantsi du. Halakorik ezean, ohartarazi du, lan erreformaren kontra bozkatuko du EAJk.
Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako akordioari buruz galdetu diote diputatu jeltzaleari Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean.
"Guk aurrera egin nahi dugu, ez atzera egin edo gure eskuduntzak urratzea eta guretzat garrantzitsuak diren akordioak ez errespetatzea", arrazoitu du.
EAEko hitzarmenak babestuta daudela adierazi du Confebaskek, baina Gorospek ez du hain argi ikusten: "Hain argi badago zergatik ez dute espresuki jasotzen? Oso erraza izango litzateke aipamen zehatza eranstea, hitzarmen autonomikoak lehenesten direla eta profesionalen arteko akordioak errespetatzen direla jasotzea".
Kongresuan lan-erreformaren legea onartzeko, EH Bilduk ere ezinbestekotzat jo du negoziazio kolektiborako euskal esparrua babestea eta Euskal Herriko lan-hitzarmenak lehenetsiko direla bermatzea.
Horrez gain, eta Europa Press agentziak zabaldu duenez, gutxieneko beste bi baldintza ere jarri ditu mahai gainean koalizio soberanistak: lan egindako urte bakoitzeko kalte-ordaina 45 egunekoa izatea eta lan-erregulazio espedienteak erakunde publikoen kontrolpean jartzea, lanposturik suntsituko ez dela ziurtatzeko.