Politika -

PRESOAK

Espetxe politikari leporatu dio Sortuk Antton Troitiñoren heriotza

Arkaitz Rodriguezek Espainiako Gobernuari eskatu dio "euren legea betetzeko", gaixotasun larriak dituzten ETAko presoak aske uzteko eta "salbuespen legedia bertan behera uzteko".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Irunen. Bideotik hartutako irudia.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Irunen. Bideotik hartutako irudia.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Irunen. Bideotik hartutako irudia.

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez sortuko idazkari nagusiak adierazi duenez, "dolu eguna da gaurkoa" ezker abertzalean, Antton Troitiño ETAko preso ohiaren heriotzagatik, eta "salbuespeneko espetxe politikari" egotzi dio heriotza.

Rodriguez eta Sortuko beste hainbat ordezkari Irungo tanatorioan izan dira gaur. Atzo hil zen Troittiño, 64 urte zituela, minbiziaren ondorioz. Duela 10 hilabete atera zen espetxetik Troitiño, baldintzapeko askatasunean, bere gaixotasuna zela eta.

Rodriguezek "euren legea betetzeko", gaixotasun larriak dituzten ETAko presoak aske uzteko eta "espetxeetako salbuespen politika bertan behera uzteko" eskatu dio Espainiako Gobernuari.

"Dolu eguna da ezker abertzalearentzat, baina bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa atzo baino irmoagoa da", gaineratu du Sortuko buruzagiak.

Troitiño Madril taldeko kide izan zen 80ko hamarkadan. 22 hilketa egotzi zizkioten eta 2.000 urte baino gehiagoko zigorrak ezarri zizkioten. 28 urte eman zituen espetxean.

1987ko urtarrilean atxilotu zuten eta 24 urtez egon zen kartzelan. Zigor osoa bete ondoren, Huelvako espetxea utzi zuen 2011n. Egun batzuk geroago, bertan behera geratu zen erabakia baina Troitiñok Londresera ihes egin zuen. Bertan atxilotu eta kartzelatu egin zuten. 2017ko maiatzean estraditatu zuten eta beste sei urteko kartzela-zigorra betetzen hasi zen.

"Troitiñok kanpaina politiko-mediatiko izugarria jasan zuen" salatu zuen atzo Etxeratek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Alderdi politikoak Eguneko albisteak Irun Albisteak