Politika -

Bisita

ETAren krimenak ikertzen jarraitzea eskatu dute zenbait europarlamentarik

Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroaren arabera, ETAren 379 hilketa oraindik argitzeke daude.

Europako Parlamentuaren ordezkaritza Gasteizen. Argazkia: Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroa
Europako Parlamentuaren ordezkaritza Gasteizen. Argazkia: Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroa
Europako Parlamentuaren ordezkaritza Gasteizen. Argazkia: Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroa

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuko Eskakizun Batzordeko ordezkaritza batek bisita hasi du asteazken honetan Gasteizen. ETAren 379 hilketa oraindik argitzeke daude, Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroaren arabera, eta "erantzunak", memoria eta justizia bilatuko dituzte europarlamentariek. "Biktimek justizia merezi dute; ikertzen jarraitu behar da", ziurtatu dute.

Miguel Angel Rodriguez Arias Dignidad y Justicia elkarteko abokatuaren eskaerari erantzunez antolatu dute bisita, eta, hain zuzen ere, Biktimen Memoria Zentroan hasi dute. Hala ere, eurodiputatuak Madrilera joango dira datozen egunetan, terrorismoaren biktimen kolektiboekin, Poliziaren eta Barne Ministerioaren arduradunekin eta Botere Judizialeko kideekin biltzeko.

Ordezkaritza horren bozeramaile Agnes Evren eurodiputatuak adierazi duenez, bisitak ETAren 379 hilketa "oraindik argitzeke zergatik dauden ulertzea" du helburu. Evrenen arabera, ETAri egotzitako hilketa guztien % 44 dira oraindik argitu gabe daudenak.

Frantziako eurodiputatuaren hitzetan, Europar Batasunak terrorismoaren biktimen "memoria, justizia, egia eta erreparazioa" bermatzeko "betebeharra" du.

Espainiako Estatuan bildutako testigantzetatik eta informaziotik abiatuta, ordezkaritzak "gomendioak" egingo dizkio Europako Batzordeari. Gainera, Europako Kontseiluarekin elkarlanean arituko dira, "terrorismoaren biktimak sekula bazterrean ez geratzeko".

Agnes Evren (PPE, Frantzia) bozeramaile duen ordezkaritza Alex Agius Saliba (S&D, Malta), Vlad Gheorghe (Renew, Errumania) eta Kosma Zlotowski (CRE, Polonia) eurodiputatuek osatzen dute.

Gainera, Dolors Montserrat (PPE), Cristina Maestre (S&D), Maite Pagazaurtundua (Renew) eta Jorge Buxade (CRE) ultraeskuindarra izango dituzte lagun. Ordezkaritzaren "aniztasuna" azpimarratu du Evrenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Europar Batasuna ETA Eguneko albisteak Albisteak Vox Terrorismoaren Biktimak Euroganbera