Politika -

Urriaren 18ko adierazpena

Espainiako Gobernuak uste du EH Bilduren keinua ez dela "nahikoa", eta "barkamena" eskatzeko deia egin dio

Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, ezker abertzaleak emandako "pausoa" "ondo" dago, baina "askoz haratago" joatea eskatu dio.

, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak. Argazkia: EFE
, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak. Argazkia: EFE
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak ezker abertzaleari

1:40

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimen atsekabea deitoratu eta sekula ez zela gertatu behar izan, esan zuen ezker abertzaleak astelehenean. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileak esan du keinua "ondo" dagoela, baina "askoz haratago" joatea eskatu dio.

Espainiako Exekutiboaren bozeramaileak adierazi duenez, ezker abertzaleak emandako "pausoa ez da nahikoa", eta "barkamena" eskatzea eta "hitzetatik egitateetara" pasatzea exijitu dio, zigortuei egiten zaizkien omenaldietan ez parte hartuz.

Rodriguezen ahotan, ezker abertzaleak barkamena eskatu behar du, biktimei berriz ere minik ez emateko. ETAko presoei, kartzelatik ateratzen direnean, jaioterrietan egiten zaizkien omenaldietan ez parte hartzea aipatu du bozeramaileak.

Bestalde, ezker abertzaleak astelehenean emandako "aurrerapausoa" nabarmendu du Felipe Sicilia PSOEko bozeramaileak, zauriak ixten lagundu dezakeen keinua izan daitekeelako. Rodriguez Sicilia baino kritikoago azaldu da.

Hala ere, ez dio PPri erantzun nahi izan. Otegiren adierazpenek Gobernuari "Bildu zuritzeko" aukera ematen diotela salatu du Alderdi Popularrak. Horregatik, ekimen parlamentarioa aurkeztu du, ETA gaitzesten ez dutenak itunetatik at uztea eskatzeko.

Duela hamar urte ETA garaitzea ahalbidetu zuen osagaietako bat batasuna izan zela azpimarratu du Rodriguezek. Adierazpen horiek "mesede eskasa" egiten diotela erantsi du. "Ez diogu lerrobururik eman behar", errepikatu du.

"Indarkeriaren urterik latzenetan demokrazia defendatzen dugun indar politikoek ideiak hitzaren bidez, ez armen bitartez, defendatzeko eskatzen genien, eta hori Espainiako gizarte osoaren arrakasta bat izan da", aldarrikatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Espainiako Gobernua Espainia ETA EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak