Politika -
Baionan
Aieteko Adierazpeneko puntu guztiak bete gabe daudela gogoraziz itxi dituzte 10. urteurreneko jardunaldiak
Hitzorduak aniztasunaren argazkia utzi du, ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek bat egin dutelako. Jardunaldien itxieran Foro Sozialak nabarmendu du "biktima guztiak babesteko" ordua iritsi dela.
EITB MEDIA
Larunbat honetan bukatu dira Baionan hiru egun iraun duten Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurreneko nazioarteko jardunaldiak. Donostia eta Baiona artean izan dira, eta hitzorduak aniztasunaren argazkia utzi du, ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek bat egin dutelako berriz ere.
Parte-hartzaile guztiek azpimarratu dute presoen auzia eta biktimen gaia direla konponbidearen muina, eta gizarte zibilaren protagonismoa ezinbestekotzat jo dute bakea egonkortzen jarraitzeko.
Bestetik, gatazka armatuaren amaieratik urrundu ahala, polarizazioa handitzeko arriskua dagoela azpimarratu dute nazioartetik etorritako hizlariek, prozesua ongi burutzen ez bada.
Brian Currin Hego Afrikako abokatuak eta euskal prozesuan bitartekari izandakoak itxi ditu jardunaldiak. Orain arteko prozesua "arrakastatsutzat" jo arren, Aieteko Adierazpenaren puntu guztiak oraindik bete gabe daudela ohartarazi du.
Gainera, Aieteren ondare nagusia bake iraunkorra dela nabarmendu du, eta arrakastatsutzat jo du egungo testuinguru politikoak ez duelako zerikusirik 2011an zegoenarekin alderatuta. Currinek argi dauka egungo egoera askoz ere hobea dela, eta euskal gizarteak eta politikariak izandako rol garrantzitsua goraipatu du.
Biktima guztiak babestu
Bestalde, jardunaldien itxieran Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du "biktima guztiak babesteko" ordua iritsi dela. "Biktima guztiak gizarte osoarenak dira, eta gorde behar ditugu", esan du Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak.
Errealitate sozialak aurrera egiten duela onartuta ere, Hernanek uste du "eztabaida politiko sutsua" dagoela, eta "baldintzatzen duen komunikabideetan oihartzuna" duela. "Aieteren ondoren aurre egiteko erronketako bat da hori", gaineratu du.
Amaitzeko, bakea ez dagoela bermatua ohartarazi dute oro har hizlari guztiek, eta berau egunero landu eta ureztatu behar dela.