Politika -
Presoak
ETAko presoei "ere humanizatzeko irizpideak" aplikatzea eskatu dio Etxeratek Eusko Jaurlaritzari
Presoen senideen elkarteak Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari "salbuespenari" amaiera ematea eta birgizarteratzea lortzeko ibilbide juridikoa desblokeatzea eskatu die.
Agentziak | Eitb Media
Espetxe eskumena bere gain hartuta, EAEko kartzeletan dauden ETAko 63 presoei "ere humanizatzeko irizpideak" aplikatzea eskatu dio Etxerat elkarteak Eusko Jaurlaritzari. Era berean, "birgizarteratzea" lortzeko "ibilbide juridikoa erraztea", eskatu du elkarteak.
Bestalde, Espainiako Gobernuari "behingoz salbuespenarekin" bukatzea eskatu dio. Presoak Euskal Herriko espetxeetara eramateaz gain, ETAko 113 presoei "legedia arrunta" aplikatzea exijitu du kolektiboak, gainerako presoek bezala onurak lortu ahal izateko.
Patricia Velez Etxerateko bozeramaileak eta Onintza Ostolaza abokatuak prentsaurrekoa eman dute Donostian. ETAko presoen kolektiboaren egoera aztertu dute.
Eusko Jaurlaritzako arduradunen asmoak eta adierazpenak hizpide izan dituzte. "Egungo egoerarekin benetan bat datorren espetxe politika baten" aldeko apustua egitea eskatu diete, ETAko presoek zigorrak "erregimen irekian" betetzeko.
"Espetxe Zerbitzuetako Idazkaritza berriari salbuespen neurriak ez mantentzeko eskatzen diogu", adierazi du Velezek. Era berean, "ibilbide juridikoa erraztea" eta "guztien birgizarteratzea laster" burutzeko aukera legalak "azkar aplikatzea", eskatu dio.
ETAko 100 bat preso Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzea "aldarrikatzen jarraitzeko" eskatu dio Iñigo Urkulluren Gobernuari.
ETAko preso "gehienek" sufritzen duten "blokeoari" amaiera emateko eskatu dio Estatuko Administrazioari. Azaldu duenez, nahiz eta baldintzak bete, "ez dute zigorrak luditzea, baimen, hirugarren gradu eta baldintzapeko askatasunaz gozatzen".
"Presorik gabeko gizarte baterantz joateko oztopoak jartzen jarraitzea ezinezkoa da, bizikidetza lortzeko ezinbesteko bermea baita", esan du Etxerateko bozeramaileak. ETAren indarkeria amaitu eta 10 urte geroago, "elkarbizitzaren bidea blokeatzen duen salbuespen erregimena desaktibatzeko denbora nahikoa da", presoen "birgizarteratze eta askatasun ibilbidearentzako".
"Salbuespenaren" euskarri diren lege organikoak "indargabetu" behar direla erantsi du abokatuak. Auzitegi Nazionalaren eta espetxeratuen zaintzako epaitegiaren "eskumenarekin" bukatzea aldarrikatu du, "Espainiako Konstituzioa betetzeko modu bakarra delako, preso guztien birgizarteratze eskubidea, alegia".
Etxeraten arabera, ETAko 197 preso daude egun, horietako 63 EAEko espetxeetan, 13 Nafarroan, 100 gainerako erkidegoetan eta 21 Frantzian.