Politika -

Elkarrizketa

"Borondate politikoarekin, urtebetean osorik beteko litzateke Estatutua", Ortuzarren hitzetan

EAJren EBBko presidenteak garrantzia kendu die Casadoren adierazpenei, eta PP Voxen jarreretara hurbiltzea "akats larria" dela erantsi du. "Merkelengana baino, Orbanengana gerturatu da Casado", kritikatu du.

Ortuzar, Radio Euskadiren estudioetan. Argazkia: EITB Media
Ortuzar, Radio Euskadiren estudioetan.
Andoni Ortuzar: ''Estatutua osorik transferituta egon liteke urtebetean, borondate politikoa balego''

0:54

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen ustez, "borondate politikoa" egonez gero, "urtebetean" osorik beteko litzateke Gernikako Estatutua. Azaldu duenez, "eskuduntza bakoitzak bere fitxa du, eta Eusko Legebiltzarrak onartuta dago, gainera. Horrek esan nahi du adostasun maila handia dagoela. Behar dena borondate politikoa da".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du espero duela eskualdatzen den hurrengo transferentzia bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarena izatea. "Oso eskuduntza garrantzitsua da, eta Calvo presidenteorde izandakoak eta nik neuk konpromisoa sinatu genuen maiatzaren 20an", arrazoitu du. Hori dela eta, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jarraituko dutela azpimarratu du, Escriva (Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa) gorabehera. "Escrivaren gainetik daudenak konbentzitu beharko ditugu. Izan ere, ministroak ezagutza tekniko zabalak izango ditu, baina bere gaitasun politikoa hutsaren hurrengo da", zehaztu du.

Dena dela, ohartarazi du ez litzatekeela ulergarria izango "baten batek aurrekontu batzuk aurrera ateratzeko botoak eskatzea, eta aldi berean adostutako zerbait hain modu agerikoak ez betetzea". Hori horrela, Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartuko direlakoan agertu da, behin "zalantzak" argituta, "euskal gaiak nola jasoko dituzten ikusita", eta Europako funtsen inguruak zehaztuta.

AHT hizpide, Unai Rementeriak atzo egindako proposamenaren alde azaldu da EAJko burua. Alegia, EAEko hiru hiriburuetako sarbideak eta tren lasterraren lanak Jaurlaritzak ordaintzea, gerora dirutza hori Kupo bidez jasotzeko. Nolanahi ere, trena hiriburuetara lur azpitik heldu behar dela nabarmendu du. "Sekulako lanak dira, batez ere Bilbokoa eta Gasteizkoa... Zehaztu dezagun zein den behin betiko geltokia, esleitu dezagun, eta, ondoren, adostu dezagun zein izango den behin-behineko geltokia", adierazi du.

Bestalde, Pablo Casadok atzo egindako adierazpenei garrantzia kendu die buruzagi jeltzaleak. PPko presidenteak esan zuenez, Jaurlaritzari Moncloara iristean espetxeetako eskuduntza kenduko dio. Ortuzarren hitzetan, "PPren harropuzkeriei garrantzi gutxi eman behar zaie. Gauza bat argi geratu da haiengatik oso urrun gaude. Merkelengana baino, Orbanengana gerturatu da Casado". Voxen jarreretara hurbiltzea "akats larria" dela deritzo Ortuzarrek, demokraziarentzat ez ezik, PPrentzat ere. "Inork ez ditu hauteskundeak muturreko jarrerekin irabazten", ohartarazi du.

Buruzagi jeltzaleak espero du Casadoren jarrera hori "aldi baterakoa" izatea bakarrik, eta, ondoren, hura aldatzea. "Bestela, luzerako edukiko dugu Sanchezen Gobernua, beste aukera atzera egitea delako, sistema konstituzionala eta autonomien estatua hankaz gora jartzea", esan du.

ELA sindikatuarekiko ere kritiko azaldu da EAJren burua (aurrez Mitxel Lakuntza sindikatu abertzaleko idazkari nagusia elkarrizketatu dute Radio Euskadin). Ortuzarrek azaldu duenez, 80ko hamarkadatik sindikatu horretako afiliatua da, baina "aspaldi" ez du sindikatuaren jarrera gustuko. "ELAri buruz gustatzen ez zaizkidan guztiak esango banitu... Gogoz kontra hartzen ditugu esaten dituztenak, egiten dituztenak baino. Egia esan ohituta gaude eurekin", aitortu du.

Horren harira, ELAk proposatutako greba orokorra "aldrebeskeria" hutsa dela uste du Ortuzarrek. Horren iritzian, "gauden egoeran ez daude grebak egiteko, lan egiteko gaude, pedalei eragiteko", krisitik ateratzeko.

(Ortuzarrek eta Lakuntzak elkar agurtu dute EITBko egoitzan, biak ala biak Radio Euskadin elkarrizketatu dituztelako)

EH Bildurekin duen harremanaz galdetuta, Ortuzarrek aitortu duenez, "oso zaila da koalizio subiranistarekin akordioak adostea". "Keinulariaren txistearekin bezala gertatzen zaigu. Batzuetan ondo dabil eta beste batzuetan txarto. Taktikaren politika darabilte eta horrela oso zaila da", azaldu du. Dena dela, koalizioak Madrilen beste jarrera bat duela deitoratu du EAJko buruak: "Madrilen duten jarrera hori hemen izango balute, Jaurlaritzaren aurrekontuak babestu beharko lituzkete. Aurrekontu hobeak dira, sozialagoak, eta ez dizkiete Aurrekontu Orokorrek ekarriko dizkieten arazo ideologiko horiek ekarriko".

"Otegik grina eutsiena du Ajuria Enera heltzeko"

"Otegik polimaitasuna aipatu zuenean, uste dut polisexuaz ari zela, pelikulan bezala. Grina eutsiezina du Ajuria Enera heltzeko. Guk PSE-EErekin akordioa egiten badugu, traidore batzuk gara, baina eurek egiten badute, subiranotasunaren gidari bihurtzen dira", salatu du.

Azkenik, hezkuntza alorrean adostu beharreko legearen harira, Vox kenduta, "euskal alderdi guztiekin" hitz egin behar dela azpimarratu du Ortuzarrek. Izan ere, buruzagi jeltzalearen ustez, "Vox ez da euskal alderdi bat, estralurtar bat baizik". Bestalde, hizkuntza ereduen eztabaida lege hori adosteko "korapilo nagusia" izango dela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua