Politika -
ETA-ko presoak
Sanchezekin ETAko presoei egindako ongietorriak "nabarmen" gutxitu direla esan du Barne Ministerioak
Marlaska ministroak emandako datuen arabera, 2017an 70 ekitaldi izan ziren, eta 2019an, 20.
Agentziak | EITB MEDIA
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak nabarmendu duenez, PSOE agintera heldu zenetik ETAko presoei egindako ongietorriak "nabarmen" gutxitu dira: 2017an 70 izan ziren, eta 2019an, 20. Hori horrela, biktimak bere ez egiteko eskatu dio Alderdi Popularrari.
"Alderdi guztietan izan dira biktimak, ETAko biktimengatik negar egin dugu, denak dira gureak eta: PPrenak, PSOErenak, Segurtasun Indarrenak, zibilak... ez ditzagun gure egin", azpimarratu du Grande-Marlaskak Maria Teresa Jimenez-Becerril PPko diputatuari emandako erantzun batean.
PPko diputatuak galdera egin dio Barne ministroari Sarek Arrasaten egindako azken ekitaldiaren harira ("EH Bildurekin egindako akordioaren parte al zen ETAko kideei omenaldiak ez egiteko Europatik egindako eskakizuna urratzea?")
Ministroak gogorarazi du, Auzitegi Nazionala ez dela zigor koderaren 578 artikulua (terrorismo delituei dagokiena) aplikatzen ari, ETA deseginda dagoenez ekitaldi horiek "delitu gisa jotzeko zailtasunak" direlako. Horren harira, iragarri du Ministerioa terrorismoaren biktimak babesteko eta aitortzeko lege proiektua prestatzen ari dela, eta bertan isunak aurreikusten dituztela tankera horretako ekitaldiak antolatu eta parte hartzen dutenentzat.
PPko diputatuak salatu duenez, Sanchezen Gobernuak "bere burua saldu du odolez zikindutako bost botoren truke (EH Bilduko bost diputatuenak), eta ETA garaiezina bihurtu du haren oinordekoekin ituna eginda".
Cs-ren ekimen batek Kongresua zatitu du
Hain justu, ongietorriekin lotutako legez besteko proposamen bat aurkeztu du asteon Ciudadanosek (Cs). Ekimenean tankera horretako ekitaldiak debekatzeko deia egiten zaie Espainiako Gobernuak EAEn eta Nafarroan dituen ordezkariei. Horrez gai, ongietorriak baimentzen zituztenak kanporatzea proposatu du Cs-k. Ekimena ostegunean bozkatuko dute Kongresuan, baina ez da aurrera aterako taldeek aurreratutako asmoak betez gero.
Ciudadanosen beraren eta PPren arteko testua da eztabaidatuko dena, eta Voxek, UPNk eta Foro Asturiasek alde bozkatuko dutela iragarri dute. Testuan Herritarren Segurtasunerako ("mozal legea") Legea baliatzea proposatu dute.
Espainiako koalizio gobernua osatzen duten alderdiek (PSOE eta Unidas Podemos), ERCk, EH Bilduk eta EAJk, aldiz, babestuko ez dutela aurreratu dute.
Mikel Legarda EAJko diputatuak gogorarazi duenez, auzitegiek aztertu eta erabakitzen dute deialdi bakoitza baimendu ala ez. Bestalde, Mertxe Aizpuruak ((EH Bildu) nabarmendu duenez, "euskal ezker independentistak badu kontuan biktimen mina; denen sufrimendua ulertu, aitortu eta errespetatzen du, biktima guztiena, ETAko biktimena ere".