Politika -
Puigdemonten atxiloketa
Puigdemonten abokatua: "Konbentzituta gaude ez dutela estraditatuko"
Gonzalo Boye "oso lasai" azaldu da Kataluniako presidente ohia atxilotu dutela eta. Jakin badakite, esan du, laster aske egongo dela euroagindua ezin delako aplikatu.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Gonzalo Boye Puigdemonten abokatua "oso lasai" azaldu da bere bezero eta Kataluniako presidente ohia Sardinian (Italia) atxilotu dutela eta. "Konbentzituta gaude ez dutela estraditatuko", azpimarratu du.
Radio Euskadiri gaur goizean eskaini dion elkarrizketa labur batean nabarmendu duenez, "Llarenaren (Auzitegi Goreneko epailea) euroagindua ezin da aplikatu Europar Batasunean", eta hala, laster aske geratuko dela erantsi du, "Alemanian gertatu zen bezala".
Boyeren esanetan, "euroagindua Schengen sisteman erregistratuta dago", baina horrek ez du esan nahi aplikatzerik dagoela. Azaldu duenez, "Espainiako Estatuak eta Europako Parlamentuak jakinarazi zioten Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrari euroagindua ezin zela aplikatu Batasuneko inongo estatutan. Hori kontuan hartuta, auzitegi horrek ezarritako kautelazko neurriak altxatu zituen. Orain badirudi baten batek ez zuela egia esan, edo baten bat alproja balitz bezala ari dela Auzitegi Orokorrarekin".
Hala, horren hitzetan, Poliziaren esku-hartzea baino ez da izan orain arte, eta Puigdemont epailearen aurrera eramaten dutenean, "handik ordu edo egun batzuetara, dena lasaitzen denean, Europako zuzenbidea aplikatuko da eta aske utziko dute".
Balizko estradizio baten aurrean, Boyek esan du defendatuko luketela, baina jakin badakitela "hori ez dela gertatuko".
Abokatuaren hitzetan, hainbat bider hitz egin du Kataluniako politikariarekin azken orduetan, eta hura ere "oso lasai" sumatu du, "aiurri oneko gizona baita".