Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bingen Zupiria: "Ez nuke esango pandemiaren azken txanpan gaudenik"
Bihartik aurrera, 16 urtetik gorako pertsonek txertoa jartzeko hitzordua eska dezakete. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaineratu duenez, "hitzordua eskatzeko prozedura bat da, baina txertaketak ezarritako ordena jarraituko du".
EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Murchanten atzo jazotako hilketa deitoratu du. Gizon batek, bere koinata hil zuen eta ondoren ihesean joan zen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan, eta haien aurrean hil zuen. Radio Euskadiko 'Boulevard' albistegian egindako elkarrizketa batean, emakumeen aurkako indarkeria "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren adierazpenik latzena" dela nabarmendu du Zupiriak.
Bestalde, koronabirusaren pandemiari dagokionez, txertoa hartzeko adina duten pertsonen % 52k inmunizazio osoa jaso dute eta % 72k dosi bat. Gazteen artean ematen ari diren kasuei dagokienez, kutsatze gehienak "oraindik txertorik jaso ez duten edo inmunizazio osoa ez duten adin-tartean" gertatzen ari direla esan du. Hala, Eusko Jaurlaritza kezkatuta dagoela esan du.
Ildo horreratik, Zupiriak ez du uste pandemiaren azken txanpan gaudenik; izan ere, "mundu mailako arazoa" da eta munduko biztanleriaren zati handi batek ez du txertorik jaso oraindik. Dena dela, "itxaropentsu egoteko arrazoiak" ditugula gaineratu du.
Zupiriak, arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei; izan ere, askotan, ez dira errespetatzen koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden segurtasun-neurriak. Hala, pertsona orok "sen ona, erantzukizuna eta elkartasuna" gogoan izateko eskatu du.
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, poliziak "egin beharrekoa egingo du" horrelako egoerak saihesteko, baina gizarte gisa "gazteekin eta ez hain gazteekin asko hitz egin behar dugu, jokabide horiek erabakigarriak direla barneratzeko".
Herri askotan ospatu diren "ez-jaiei" buruz galdetu diotenean, Zupiriak esan du udalerri gehienek ez dutela festarik antolatu, eta, horren ordez, edukiera eta protokolo egokiak dituzten "jarduera kulturalak" antolatu dituztela.
Bihartik aurrera, 16 urtetik gorako pertsonek txertoa jartzeko hitzordua eska dezakete, eta Zupiriak gaineratu duenez, "hitzordua eskatzeko prozedura bat da, baina txertaketak ezarritako ordena jarraituko du"; izan ere, datorren astean txertaketa amaituko da oinarrizko kolektiboetan, eta bigarren txertoa oraindik jaso ez duten 60 urtetik gorako herritarrekin jarraituko da.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexeko enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzen duen epaiaren aurrean, Zupiriak adierazi du 147 eguneko grebak "ez diola mesederik egingo enpresari", eta Eusko Jaurlaritzak "elkarrizketari berrekitea eta akordioak lortzea" eskatu du. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza egiteko aukera eskaini zuela gogorarazi du, baina orain arte "ez dute eskatu".
Next Generation funtsei dagokienez, Eusko Jaurlaritza "ez dago ados Espainiako Gobernuak horiek transferitzeko erabiltzen ari den prozedurarekin". Estatuaren jarrera "zentralista" dela esan du, eta egiten ari direnarekin ados ez dagoela gaineratu du, "akordioak lortzeko zailtasunak" daudela gaineratuz.
Azkenik, Ibarrolaren 'Gernika' margolana Euskadin ikustea gustatuko litzaiokeela esan du, eta "EAEko erakunde batean" izateko lanean ari direla gaineratu du.