Politika -
Eusko alkartasuna
EAko sektore kritikoek Kongresu Nazionala premiaz deitzea eskatu dute
Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako koordinatzaileentzat, beharrezkoa da Kongresua, baita elkarrizketa mahai bat osatzea ere, barne eztabaidak konpondu eta eh Bildurekin duen lotura aztertzeko.
o.p. | eitb media
Miren Aranoa, Mikel Goenaga eta Iratxe Lopez de Aberasturi Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako EAko lurralde koordinazioek agerian utzi dute, maiatzean egin zuten gisan, ez daudela ados alderdiaren egungo Zuzendaritzarekin, eta Kongresu Nazional bat "berehala" deitzeko eskatu dute, "barne eztabaidei konponbide zibiko eta gardena" bilatzeko helburuarekin. Gainera, "elkarrizketa mahaia" eratzea aldarrikatu dute, "prozesuaren garbitasun demokratikoa bermatuko duten baldintzak adosteko".
Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan, Aranoak, Goenagak eta Lopez de Aberasturik Eusko Alkartasunaren barne egoera aztertu dute eta "Euskal Herriarentzat eta bere etorkizunarentzat sozialdemokrata abertzalea" den proiektu baten erabilgarritasunaz ziur agertu dira.
Azken Kongresua 2017ko ekainaren 3an eta 4an egin zela gogorarazi ostean, "EA EH Bildun sartzeari buruzko ponentzia politikoan adostasun zabala" lortu zela adierazi dute, eta lau urte hauetan ikusi dutela, besteak beste, "idazkari nagusia dimititzen, Ponentzia Politikoaren edukia ez betetzen, Berme Batzordearen ebazpenak urratzen eta 400 abal baino gehiago dituen hautagaitza bat baliogabetzen".
Era berean, "ezohiko biltzarraren eskaera" ez dela aintzat hartu eta "epaitegietara" jo behar izan dutela salatu dute. Ohartarazi dutenez, "batzarrak egitea galarazi dute, alkartetxeak itxi dituzte, afiliatuen bilerak eragotzi dituzte eta koordinatzaileen jarduera politikoa oztopatu dute", lurralde egoitzetara sartzea galaraziz eta sarrailak "abisatu gabe" aldatuz.
Azpimarratu dutenez, azkenaldi honetan "aurrekaririk gabeko barne errepresioa" jasan dute, "duela 35 urte alderdia sortu zenean ezarri ziren barne demokraziaren espirituarekin bat ez datozen gertakari gehiegi" izan baitituzte.
Hala eta guztiz ere, egungo egoeratik eta "historiaren atal beltz horretatik" irteteko modu bakarra barne demokrazian topatuko dutela uste dute. "Eztabaida guztiek gai bera dute ardatz: EH Bilduko parte-hartzea, koalizio gisa, edo gaur egun EH Bildu den alderdi bakarrean sartzea izan behar ote den". Hala, konponbidea afiliatuei galdetzean datza gaur agerraldian parte hartu dutenen iritziz kideen "adierazpen askean".
Horrela, Eusko Alkartasunako eztabaidarako "organo gorena" Kongresu Nazionala dela gogorarazi dute, eta dagoeneko eskatu dutela "estatutuak betez, bai barne mailan, bai publikoki, eta 600 afiliatu baino gehiagoren eskaeraren babesarekin". Hala ere, euren eskaerak Eba Blanco idazkari nagusiaren zuzendaritzak atzera bota izana deitoratu dute.