Politika -
KORONABIRUSA
Lakuak dio amaitzen ari direla maiatzaren 10ean gertatuko dena "argitzeko" egunak
Zupiriaren ustez, egoerak neurriak "gutxienez" indarrean mantentzea eskatzen du, baina deitoratu du Gobernuak oraindik ez dakiela zer erabaki ahalmen izango duen osasunarena zein bestelako arloetan.
O.P. | eitb media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak ohartarazi du "gero eta egun gutxiago" geratzen direla alarma-egoeraren auzia "argitzeko"; Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen maiatzaren 9an amaituko dela, eta Jaurlaritzak hari eusteko eskatu du.
Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, Zupiriak adierazi duenez "gaur egun, ez dugu erantzun zehatzik eta argirik (maiatzaren 10ean gertatuko denaren inguruan)", eta berretsi du "gero eta egun gutxiago" geratzen direla "gai hori argitzeko eta zer erabaki har ditzakegun zehazteko".
Zupiriak "susmoa" du Sanchezen Exekutiboak osasun kontuak "erdi ahaztuta" dituela edo "beste batzuen esku" utzi nahi dituela, "autonomia erkidegoetako gobernuen esku, esaterako, eta horrek kezka eragiten digu, ez baitugu argi zer gaitasun dugun erabakiak hartzeko".
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, Euskadiko kutsatze tasa baxuagoa izango balitz, "egoera errazagoa izango litzateke", baina "oraindik oso goian dauden kutsatzeak, eta oso erraz zabaltzen da birusa; horregatik, egoerak eskatzen du indarrean dauden neurriak, gutxienez, mantentzea. Gaur gaurko, baina, ez dakigu hori posible izango den".
Futbola, manifestazioak eta jaiak
Bestalde, Liga amaitzerako publikoa futbol zelaietara itzultzeko aukerari buruz galdetuta, Zupiriak azpimarratu du Gobernuaren lehentasuna gaur egun "ez dela futbol zelaietara jendea sartzea".
Halaber, eta Maiatzaren Leheneko mobilizazioen atarian, Zupiriak esan du manifestatzeko eskubidea "funtsezkoa" dela eta Eusko Jaurlaritza "ez dela nor, eta ez duela borondate politikorik" eskubide hori mugatzeko; halere, azpimarratu duenez "esan nahi duguna da, egiten duguna egiten dugula, egin dezagula tentuz".
Udari begira galdetuta, Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "kosta" egiten zaiola pentsatzea "milaka pertsona bildu ahal izango direla Arriagaren aurrean (Bilboko Aste Nagusiko txupinazoan) edo Lekeitioko San Antolin eguneko antzarretan. Uste dut oraindik ez gaudela horretarako moduan, eta lehentasuna osasuna bada eta ez kutsatzea, horrek muga batzuk ditu", esan du.