Politika -
Nafarroa
Manu Ayerdik dimisioa eman du
Halere, argitu du oraindik ez duela jaso Gorenaren jakinarazpena. Mikel Irujok, orain arte Nafarroako Kanpo Ekintzako zuzendaria izan denak, hartuko du bere lekua.
E.G. | EITB MEDIA
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak dimisioa aurkeztuko dio gaur Maria Chivite Nafarroako presidenteari. Ayerdik ez du jaso oraindik Auzitegi Gorenak Davalor auziagatik ikertua dela jakinarazten dion agiria, baina halere, kargu uztea ez luzatzea erabaki duela iragarri du. "Gaur-gaurkoz ez dago autoaren jakinarazpen frogagarririk", azaldu du. Gerora jakin denez, Maria Chivitek dimisioa onartu dio Ayerdiri.
Ayerdik galdera bako prentsaurrekoa eskaini du goizean. Azaldu duenez, Foru Erkidegoaren Administrazio Legearen 68. artikuluak dio ezein kargudunek dimititu beharko duela ikerketapean badago. Bere kasuan, abokatuek eskatu duten arren, Gorenak ez dio bidali jakinarazpena.
Duela hilabete, kontseilariaren kontrako auzi penala abiatu zuen Gorenak, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Ikertutako gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin (2.600.000 euro), UPNk ekainean aurkeztutako salaketa baten arabera.
Geroa Baik (gobernu akordioari dagokionez, alderdi horri dagokio Kontseilaritza horren arduraduna proposatzea) atzo jakinarazi zuen nor izango zen Ayerdiren ordezkoa: Mikel Irujo, orain arte Nafarroako Kanpo Ekintzako zuzendaria izan dena. Otsailaren 3an izendatuko dute kontseilari.
"Erabat lasai nago"
Ayerdik argitu du ez duela jaso Auzitegi Gorenaren autoaren jakinarazpena. Kontatu duenez, Gorenak urtarrilaren 25ean, "autoaren jakinarazpena alde batera utzita, nire egungo egoera prozesala ikertua ez naizela sinetsita, nire abokatuek argibide eskaera bat erregistratu zuten Auzitegi Gorenean, hain zuzen, auzitegiak berak ezar zezan prozesuari dagokionez une honetan nire egoera ikertuarena den ala ez, eta orain arte, erantzunik ez da jaso".
Dena dela, nabarmendu duenez, "sortu den egoera politiko eta mediatikoa ikusita, uste osoa dut egoera hau luzatzea ez dela ona ez niretzat, ez nire inguruarentzat, ezta Nafarroak une konplexu honetan behar duen egonkortasun instituzionalarentzat".
Horregatik, jakinarazi du prentsaurrekoa amaitutakoan, jada sinatuta duen dimisioa aurkeztuko diola Chiviteri.
UPNren kereilari dagokionez, bi kontu aipatu nahi izan ditu. Batetik, kereila "erabat oinarri gabekotzat" jotzen duela eta gaiaren funtsari dagokionez, "erabat lasai" dagoela.
Bestetik, honakoa erantsi du: "Bost urte igaro ondoren, UPNk gai honetan duen obsesioa ia patologikoa iruditzen zait eta jakina XXI. mendeko Nafarroa gidatu nahi duen indar politiko bati buruz ez duela batere ondo hitz egiten".
Erreakzioak
Geroa Baik, Ayerdiren hautagaitza babestu zuen koalizioak, ohar batean adierazi duenez, dimisioa eman duen kontseilariak "gobernu ardurak izan dituen bost urteetan zehar izandako jardunbide eta lan bikainaren garrantzia" azpimarratu eta aitortu nahi diote.
"Nafarroak gaur Garapen Ekonomikorako kontseilari handi bat galdu du", deitoratu du koalizioak. Horren ustez, "oso une zailean egokitu zitzaion departamentuaren buru jartzea, eta Foru Komunitaterako gako izan diren hobekuntzak lortu ditu".