Politika -

Negoziazioak

Espetxeen transferentzian aurrera egin dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Espetxeen eginkizunen eta zerbitzuen gaineko eskumena urrian adostutako egutegian jasota dago. Bi gobernuek transferentziaren alderdi nagusiak zehazten dituen zirriborro bat egin dute.

Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera bat.
Espetxeen transferentzian aurrera egin dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

1:07

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "bultzada handia" eman diote Espetxeen transferentzia Euskadira eskualdatzeari. Bi aldeen arteko azken asteetako elkarrizketen ondorioz, eskualdatzearen alderdi nagusiak zehazten dituen zirriborro bat egin dute azken egunotan, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan jakitera eman duenez.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, Pedro Sanchezen gobernuak "eskualdatzea gauzatzeko konpromisoa" adierazten du zirriborro horretan, eta aipamen esplizituak egiten zaizkie Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) espetxeen gaineko eskumenaren titulartasuna aldatzea bultzatzen duten konstituzio, estatutu eta bestelako lege-arauei.

Espetxeen eginkizunen eta zerbitzuen gaineko eskumena bi gobernuek urrian adostutako egutegian jasota dago, zeinak 2021eko martxorako betearaztea ezartzen duen, beste hamaika gairekin batera. Aurrerapausoak egin dira, halaber, ISSN kode bibliografikoa eta errepideko garraioari buruzko transferentzietan.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Carolina Darias Lurralde Politikako ministroaren arteko elkarrizketa estuak "bi aldeen jarrerak hurbiltzen dituen proposamen batean zehaztu dira", Espetxeen gaia eskualdatzeko baldintzei buruz. 

Aurrerantzean, Lakuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen zereginak eta zerbitzuak zehaztea izango da negoziazioaren ardatza, baita instalazioen eta giza baliabideen baldintzak, eskubideak eta betebeharrak ere.

Ildo horretatik, Espetxeen antolaketa eta kudeaketa, zigorren betetzearen kudeaketa eta jarraipena eta presoen tratamendu eta sailkapen programak nola egin aztertuko dute bi aldeek. Horrez gain, presoen artean gizarte eta lan arloa, gizarte ekintza, hezkuntza eta trebakuntza, eta prebentzioa eta droga mendekotasunak errehabilitatzeko bideak aztertuko dituzte. Alabaina, Estatuak espetxe-legeriaren ejekuzioa beretzat gordetzen jarraituko du, koordinazio neurriak ahalbidetuko badira ere.

Elkarrizketak, halaber, gai hauei buruzkoak izanen dira: higiezinen eskualdaketa, altzariak, ekipoak eta eskualdatu beharreko materiala, hiru espetxeetan lan egiten duten langileak eta horien lan erregulazioa. Gai horiek guztiak mahai teknikoetan landuko dira eta parte hartzen duten sail sektorialek parte hartuko dute, Euskadiko kasuan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Departamentuak.

Espetxeen eskumena eskualdatzeen egutegian ezarritako lehen blokean sartutako lehen hamabietatik garrantzi handieneko transferentzia da. Multzo horretan daude, halaber, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV deiturikoa), errepide bidezko garraioa, ISSN kode bibliografikoaren esleipena. Lehen tarte horretan, honako eskumen hauek ere ageri dira: Meteorologia, nekazaritza aseguruak, segurtasun zerbitzu pribatuak, zinematografia babesteko funtsa, arrantza produktuen merkatuak, aseguruak, turismo paradoreak eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak