Politika -
ELKARRIZKETA
Jesus Eguiguren: "Justiziaren zenbait alderdi gerran daude Gobernuarekin"
Gorenak Bateragune auziko epaiketa errepikatzea agindu berritan, "harrituta" mintzatu da PSE-EEko presidente ohia. Horren esanetan, "eskuina Justiziako hariak mugitzen ari da politikan eragiteko".
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Atzo Auzitegi Gorenak aho batez ebatzi zuen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodríguez Auzitegi Nazionalean berriro epaitu behar dituztela. Gorenak Bateragune auziko epaiketa errepikatzea agindu berritan, "harrituta" mintzatu da Jesus Eguiguren.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan eta Radio Vitorian bart egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, "Justiziaren zenbait alderdi gerran daude Gobernuarekin", eta Otegi auzipetzeko erabakia erabaki politikoa izan zela esan du.
"Hemen ezer ez da kasualitatea. Prozesu judizial bat baino gehiago, Kafkaren prozesu bat dirudi. Hari batzuk mugitzen dira goian, eta eskuinak politikan eragiteko erabiltzen ditu", nabarmendu du.
PSE-EEko presidente ohiaren iritzian, "gehiegikeria oro, gauza ulertezin oro, bere kabuz erortzen da. Eta hau ere bai. Ez dakit zertan geratuko den prozesua. Zuzenbidean azaldu ziguten guztiaren aurkakoa da".
Non bis in idem kontzeptua gogora ekarri du Jesus Eguigurenek: "Ezin da gauza bera birritan epaitu. Arnaldok zigorra bete du. Ez dut ulertzen, hain da zentzugabea dena. Gaia hain da Konstituzioaren printzipioen kontrakoa, ez dela beharrezkoa auzipetuen alde inork esku hartzea".
Bestalde, EH Bilduk Espainia mailako politikan lorturiko akordioen inguruan galdetuta, PSE-EEko presidente ohiak esan du "etapa interesgarria" dela. "Nahiz eta guri akordioak hemen interesatuko litzaizkigukeen, gaur egun ezinezkoa da", gaineratu du. PSE-EEko buruzagi ohiaren ustez, agian Madrilen hasi izana izango da onena: "Ez diet garrantzia handirik ematen, baina hemengo akordioetan ez ezik, EH Bilduren etorkizunean ere eragin handia izan dezaketela uste dut".