Politika -
Espetxe Politika
Beste sei preso gerturatu dituzte Euskal Herrira
Presoetako bat Zaballako espetxera lekualdatuko dute, eta gainerako bostak Zuerako (Zaragoza), Duesoko (Kantabria) eta Asturiasko kartzeletara eramango dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Duela bi urtetik deseginda dagoen ETA erakundeko beste sei preso Euskal Herrira gerturatzea erabaki du Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak. Pedro Sanchez sozialista agintera iritsi zenetik, ehun preso baino gehiago lekualdatu dituzte euren etxeetatik gertuago dauden kartzeletara.
Oraingo honetan gerturatuko dituztenak Jon Igor Solana Matarran, Asier Garcia Justo, Ismael Berasategi Escudero, Aitor Herrera, Eider Perez Aristizabal eta Balbino Saez Olarra dira.
Solana Matarran Algecirasko (Cadiz) espetxetik Zuerakora (Zaragoza) eramango dute. 2000. urtetik dago preso, eta 30 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da, hainbat atentatutan parte hartzea leporatuta. Espetxe Zuzendaritzak ohar batean nabarmendu duenez, "eragindako mina aitortu" du Solanak berriki.
Algecirasetik Zuerarako bidea egingo du, baita ere, Perez Aristizabalek. Auzitegi Nazionalak 75 urteko zigorra ezarri zion 2005ean, Gironako Rosas herriko hotel baten inguruan, 2001ean, auto-bonba bat leherrarazteagatik. Esquadra mosso bat zendu zen atentatu hartan.
Halaber, Garcia Justo presoak ere, "indarkeria baztertu" eta "eragindako mina aitortu" duela nabarmendu Barne Ministerioak. Bigarren gradua eman diote, eta Badajoztik Astuariasera lekualdatuko dute. Besteak beste, 2001ean, Iñaki Totorika ertzainaren hilketan parte hartzea egotzi zioten, eta 90 urte espetxe-zigorra ari da betetzen, 2003tik.
Berasategi Escudero presoa, berriz, Alacantetik Asturiasko kartzelara eramango dute, bigarren gradua eman eta gero. 2009tik dago preso, eta 14 urteko zigorra jarri zioten, Malagan auto bonba bat ipintzeagatik 2001ean.
Bestalde, Herrera Pontevedrako A Lama espetxetik Katabriako Duesora lekualdatuko dute. Getxoko Los Tamarises hotelean bonba bat leherraraztea leporatu zioten 2003an.
Azkenik, Balbino Saez Olarra da Euskal Herriko kartzela batera ekarriko duten bakarra. Valladolideko espetxean dago egun, 20 urteko zigorra betetzen; hilketa saiakera eta armak eta lehergaiak edukitzea leporatu zioten, besteak beste. Horrek ere, Espetxe Zuzendaritzaren arabera, eragindako mina aitortu eta biktimekiko enpatia agertu ditu.
Mugimenduak, 'begi onez'
Duela egun batzuk egindako agerraldian, presoak Euskal Herrira gerturatzeko Espainiako Gobernuak egin dituen mugimenduok "begi onez" hartu zituzten Sarek eta Etxeratek, baina biek ala biek argi utzi zuten orain arteko aldaketek ez diotela gizartearen eta sindikatuen gehiengoaren eskakizunei erantzuten.
Bestalde, presoen etxeratzea aldarrikatzeko hileko azken ostiraletan egin ohi dituzten protestak hemendik aurrera elkarrekin deituko dituztela iragarri zuten.
"Bizi dugun egoera kontuan hartuta, indarrak batzeko unea da, mobilizazioa beharrezkoa baita preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko eta bakea eta bizikidetza lortzeko. Berriro ere, euskal gizartea da estatuak eta gobernuak mugiarazten dituena", esan zuten