Politika -

PSE-EE/Elkarrekin Podemos-IU

Irungo Gobernu berria oposizioarekin "batera" hiria eraikitzeko prest agertu da

Aurrerantzean Exekutiboak gehiengoa izango du Udalbatzan, eta Elkarrekin Podemos-IUko hiru zinegotzi Gobernuko kide izatera pasako dira.

Irungo (Gipuzkoa) Udal Gobernu berria. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi/Euskadi Irratia
Irungo (Gipuzkoa) Udal Gobernu berria. Argazkia: Eneritz Gorrotxategi/Euskadi Irratia
PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek elkarrekin gobernatuko dute Irunen

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurreakordioa itxi zuten ostiralean Irunen (Gipuzkoa), koalizio Gobernua osatzeko. Udal Exekutibo berria gainerako talde politikoekin "batera" hiria eraikitzeko prest azaldu da larunbat honetan, COVID-19 pandemiaren ondorioz egoera "larria" delako, eta "elkarrizketa, adostasuna, batasuna eta ezberdinen arteko akordioak" beharrezkoak direlako.

Irungo udaletxean prentsaurrekoa eman du Jose Antonio Santano alkateak, David Soto eta Miren Etxebeste Elkarrekin Podemos-IUko zinegotziek lagunduta. Hiria gobernatzeko aurrekordioaren berri eman du alkateak. Sozialistak gutxiengoan gobernatzen ari ziren, iragan otsailean PSE-EAJ akordioa hautsi ondoren. Horrela, aurrerantzean Exekutiboak gehiengoa izango du Udalbatzan, eta Elkarrekin Podemos-IUko hiru zinegotzi Gobernuko kide izatera pasako dira.

Irungo alkateak azpimarratu duenez, COVID-19 pandemiaren eraginez “une larriak bizi ditugu”, eta ondorioek “datozen urteetan gure bizitza baldintzatuko dute”.

“Edozein arduradun publikok egonkortasuna eta sendotasuna eskaini behar ditu, guztiaren gainetik pertsonen beharrizanak jarriz, pertsonetan eta haien beharrizanetan arreta jartzea akordio honen helburua da, desadostasunen gainetik”, nabarmendu du Santanok.

Santano: "Ez dira alderdien arteko ika-mikarako garaiak"

Gainera, irundarrek “Udalaren gertutasuna sentitzen jarraitzea” nahi dute, eta “etorkizuneko mezu baikorra” zabaltzea. Santanoren hitzetan, testuinguruak eskaintzen dituen “aukerak aprobetxatu” beharra dago.

“Ez dira alderdien arteko ika-mikarako garaiak, ezta liskarretarako ere, ez da harresiak eraikitzeko garaia, elkarrizketa, adostasun, batasun eta ezberdinen arteko akordioetarako baizik”, gogorarazi du agintariak. “Hiria elkarrekin eraikitzen jarraitzea” proposatu die buruzagiak gainerako talde politikoei.

PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUko oinarriek aurreakordioa berretsi ondoren, datorren astean itunaren xehetasunak jakinaraziko dituztela adierazi du Santanok. Hala ere, koalizio moreko hiru zinegotzi Gobernuko kide izatera pasako direla aurreratu du agintariak ongizate, euskara, berdintasun, lankidetza, memoria historikoa, hezkuntza eta gazteria esparruetan, hiru zinegotzigotan banatuta: Gizarte Gaiak eta Gazteria; Euskara, Berdintasuna eta LGTB; Lankidetza, Hezkuntza eta Memoria Historikoa, hain zuzen ere.

Bestalde, “zalantza eta kezka” uneetan, erakundeetatik “ziurtasunak” eskaini behar dituztela esan du Sotok. Elkarrekin Podemos-IUko taldea PSErengana “etengabe hurbildu” izan dela azpimarratu du Sotok, Udal Gobernuari “egonkortasuna emateko”. “Batzeko eta adosteko helburuarekin” gainerako indar politikoek bat egitea “funtsezkoa” dela uste du.

Udal Gobernu berria Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: Eneritz Gorrotxategi/Euskadi Irratia

Udal Gobernu berria Irunen (Gipuzkoa). Argazkia: Eneritz Gorrotxategi/Euskadi Irratia

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika IU Gipuzkoa PSE-EE Eguneko albisteak Irun Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi