Politika -

Katalunia

Torrari ezarritako inhabilitazio zigorra gaur berrikusiko du Auzitegi Gorenak

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri zion Torrari, desobedientzia leporatuta. Epaia berretsiz gero, presidente izateko gaitasunik gabe geratuko litzateke.

Quim Torra Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea
Quim Torra Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost magistratuk osatutako epaimahai batek Quim Torra Generalitateko presidentearen abokatuaren argudioak entzungo ditu ostegun honetan, 12:00etatik aurrera, Hauteskunde Batzorde Zentralari desobeditzea leporatuta ezarri zioten urte eta erdiko gaitasungabetze-zigorraren aurka, 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeetan independentziaren aldeko ikurrak kentzeko agindu ostean.

Horrela, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak desobedientzia delitua egotzita bere garaian emandako epaia berretsiz gero, Torra Generalitateko presidente izateko gaitasunik gabe geratuko da.

Kataluniako presidenteak atzo iragarri zuenez, Madrilera joango da Gonzalo Boye abokatuaren eta Pilar Fernandez Valcarce Fiskaltzaren argudioak aurrez aurre entzuteko asmoz. Ministerio Publikoak helegitea ez onartzeko eskatuko du, Manuel Marchena buru duen salak Torraren argudioak ez onartzeko hasierako eskaera atzera bota zuela ikusi ondoren. Horrek Kataluniako presidentearen gaitasungabetzea nabarmen aurreratuko zukeen.

Bestalde, Generalitateko presidentearen arabera, koronabirusak eragindako pandemia kudeatzea da bere lehentasuna, eta, gaitasungabetzea berretsiz gero, Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuak hartu beharreko neurriak oraindik ez dituela aztertu adierazi du. Hala, "herrialdearen zerbitzura" jarri da, "azken ondorioetaraino". Testuinguru horretan, Auzitegi Nagusiak Torrari ezarritako urte eta erdiko zigorra berresten badu, inhabilitazioa berehala gauzatuko litzateke.

Auzia ebazteko ardura duten bost epaileak Andres Martinez Arrieta, Juan Ramon Berdugo, Antonio del Moral, Vicente Magro eta Susana Polo dira, eta horietako hiruk Katalunian urriaren 1eko epaia eman zuen epaimahaia osatu zuten.

Ostegun honetako tramitean, bi aldeek euren jarrerak azalduko dituzte, eta Fiskaltzak urte eta erdiko zigorra berresteko eskatuko du, eta Torraren defentsak, berriz, absoluzioa.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak abenduaren 19an zigortu zuen Torra, Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeen garaian politikari independentista presoen askatasunaren alde Generalitateak jarritako pankarta bat kentzeko emandako agindua ez betetzeagatik.

Gertakari horiengatik urte eta erdiko inhabilitazioa eta 3.000 euroko zigorra ezarri zizkioten, desobedientzia delitua leporatuta. Hala, Auzitegi Gorenak epaia berretsiz gero, Torra Generalitateko presidente izateko gaitasunik gabe geratuko litzateke.

Eitb.eus-en zuzenean emango dugu, 12:00etatik aurrera, Torraren helegitearekin lotutako saioa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Delituak Espainia Epaiketak Salaketak Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Madril Kataluniako Generalitatea