Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bilduk estatus berri bat eskatu du, krisiari aurre egiteko tresnak edukitzeko
Aldarrikapen horixe eraman du Maddalen Iriartek legebiltzarkide gisa akreditatzera joan denean, gainerako 20 kideekin batera.
agentziak | erredakzioa
Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak gogorarazi du koalizioak legealdi honetan estatus berri bat eskatzen jarraituko duela, COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko tresnak lortzeko "oinarrizkoa" dela iritzita.
Koalizioko 21 legebiltzarkideak Legebiltzarrean akreditatu ostean egin ditu adierazpen horiek Iriartek, EAJkoek joan den ostiralean eta PSE-EEkoek ostegunean egin ostean. Bihar Elkarrekin Podemoseko eta PP+Cs-ko hautetsiak pasatuko dira erregistrotik, eta asteazkenean Vox alderdikoa.
EH Bilduko bozeramaileak ez du oraindik erabaki lehendakarigai izateko formalki aurkeztuko den ala ez. Krisi sanitario, ekonomiko eta sozial hirukoitzari aurre egin beharko zaiola ohartarazi du, eta koalizioaren erronka nagusia "betikoek ordaindu ez dezaten" irtenbideak bilatzen laguntzea izango dela azaldu du.
Hori lortzeko, estatus politiko berri bat lortu behar dela defendatu du, "krisi honi ahalik eta modurik onenean aurre egin ahal izateko, erabakitzeko tresna propioekin". Defizit muga aipatu du adibide gisa, eta argi utzi du horrelako auziak "Estatuarekiko harreman eredua aldatu ezean" ezinezkoa izango dela aurrera ateratzea.
Soldatak jaistea
Iriartek azaldu duenez, pandemiak "gogor jo du" eta "ez du autonomia erkidegoa baldintzarik onenetan harrapatu". Horrek argi utzi omen du "Urkulluren kudeaketa propaganda hutsa" zela.
Panorama horren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna kaleratzeak saihesteko soldatak murriztea proposatzea izan dela kritikatu du, Arantxa Tapia jarduneko Garapen Ekonomikorako sailburuari erreferentzia eginez.
"Hitz horiek alfonbra gorri bat dira" langileen lan baldintzak okertzeko, eta "murrizketetarako eremua prestatzea" dakarte, Iriartek salatu duenez; izan ere, EH Bilduk ezkerretik proposatzen duen alternatiba bat dagoela eta eragile sozial eta politikoen arteko "elkarlana" beharrezkoa dela azpimarratu du.