Politika -
ESKUMENAK
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hiru transferentzia berri adostu dituzte
Euskadik EEEren eraginpean dauden pertsonentzako ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak, produktu farmazeutikoei buruzko legeriaren betearazpena eta eskola-aseguruaren osasun-prestazioak.
EITB.EUS
Transferentzien Batzorde Mistoa gaur batu da Gernikako Estatutuan aurreikusten diren beste 3 transferentziaren eskualdatzea adosteko: kaleratze kolektiboko espedienteen eraginpean dauden langileentzako ohiko erretiroaren aurretiko laguntzak, produktu farmazeutikoei buruzko legeriaren betearazpena eta eskola-aseguruaren osasun-prestazioak. Bi gobernuek 7,5 milioi euroan baloratu dituzte hiru transferentziak; aurrerantzean, horietatik % 6,24 deskontatuko du Euskadik Kupotik urtero.
Hiru akordio horiek lehenak dira bi gobernuek otsailaren 20an Gernikako Estatutua osorik betetzeko kronograma itundu zutenetik. Transferentzien Batzorde Mistoa ez da batu bi gobernuek 2019ko apirilaren 16an AP-68 autobidea EAEri eskualdatzea sinatu zutenetik.
Topaketa bideokonferentziaz egin dute, eta Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua eta Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa izan dira horren buru.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak, Nekane Murga Osasun sailburuak, María Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak, Sabino Torre Araubide Juridikoaren sailburuordeak eta Begoña Pérez de Eulate Transferentzien Batzorde Mistoko idazkariak osatu dute Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bileran.
EEEren eraginpeko erretiroaren aurretiko laguntzak
Akordioaren bidez, kaleratze kolektiboaren espedienteen eraginpean dauden langileei erretiro arruntaren aurretiko laguntzak kudeatzeko funtzio eta zerbitzuak eskualdatu dizkiote EAEri. Enplegu-erregulazio espedienteen (EEE) eraginpean geratzen direnentzako laguntzak dira. Helburua da erretiroa hartzeko adinetik hurbil dauden langileei babes ekonomikoa ematea, gizarte- eta lan-arloan premiazkoak eta beharrezkoak diren egoerei erantzuteko. Hala, arindu egin nahi dira jarduerak erabat edo zati batean etetea ekar dezaketen enpresen berregituraketa-prozesuen ondoriozko gizarte-ondorioak, edo enpleguari eusten lagundu nahi da.
Aurrerantzean, EAEk kudeatuko ditu laguntza horiek, eta horrek koordinatuko ditu datuak Espainiako Gobernuarekin, ezagutzako eta estatistikako ondorioetarako. Bi gobernuek transferentzia hori 4.451.051,97 euroan baloratu dute; horietatik, EAEk % 6,24 deskontatuko du Kupotik urtero.
Eskola-asegurua
Akordioaren bidez, eskola-aseguruaren osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako baliabideak ere eskualdatu zaizkio EAEri. Aseguru hori derrigorrezkoa da ikasle guztientzat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera, Batxilergoko mailetan eta 28 urtera arte, gehienez. Helburua da haien babesa eta laguntza zaintzea ustekabeko eta aurreikusteko moduko egoeretan; istripuen eta gaixotasunen ondoriozko prestazioak aurreikusten dira. Akordioaren arabera, osasun-laguntza ere eskualdatu da: medikoa eta farmazeutikoa.
Transferentzia horren finantzaketa mistoa izango da. Batetik, bi gobernuek transferentzia hori 3.036.480 euroan baloratu dute; horietatik, % 6,24 deskontatuko du urtero EAEk Kupotik.
Baina, gainera, Espainiako Gobernuak ikasle bakoitzak ikasturtearen matrikularekin batera ordaintzen duen eskola-aseguruaren inguruan Euskadin egiten den bilketa osoaren % 96ko transferentzia egingo dio urtero Eusko Jaurlaritzari.
Produktu farmazeutikoak
Akordioaren bidez, Euskadiri produktu farmazeutikoei buruzko legeria betearazteko funtzio eta zerbitzuak eskualdatu dizkio. Horrela, aurrerantzean, Euskadik honako ardura hauek izango ditu:
· Jendearentzako osasun-produktuen publizitate-mezuak kontrolatzea.
· Osasun-profesionalei zuzendutako giza erabilerako medikamentuen publizitateari buruzko jakinarazpenak ebaluatu eta kontrolatzea, Euskadin egoitza soziala duten laborategi farmazeutikoek zabaltzeko unean.
· Giza erabilerarako medikamentuen zaintza farmakologikoko eginkizunetan elkarlanean jardutea, produktu farmazeutikoei buruzko legerian ezarritakoarekin bat etorriz, eta zaintza farmakologikoko jardunbide egokiak betetzen direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.
· Medikamentuen kalitate-kontroleko programak egitea.
· Produktu farmazeutikoen arloan duen zehapen-ahala gauzatzea, bere eskumenen eremuan.
· Ikuskapen-jarduketen ondoren aplikagarria den araudian aurreikusten diren kautela-neurriak hartzea.
· Laborategiko jardunbide egokien ikuskapenak egitea, segurtasuneko saiakuntza ez-klinikoen arloan, bai eta jardunbide kliniko egokiaren ikuskapenak egitea ere.
· Ikuskapenen bidez, printzipio aktiboen fabrikatzaileek, inportatzaileek eta banatzaileek beren jarduerak fabrikazio zuzeneko arauekin eta printzipio aktiboak banatzeko jardunbide egokiekin bat etorriz egiten dituztela egiaztatzea.
· Legeriak autonomia-erkidegoei produktu farmazeutikoen, kosmetikoen eta higiene pertsonalerako produktuen inguruan esleitzen dizkien beste funtzio betearazle batzuk.