Politika -
Presoen aldeko martxa
Sarek eserialdia eta manifestazioa egin ditu Iruñean, “salbuespen neurriak” bukatzeko
Sarasate Pasealekuan eserialdia egin dute, Nafarroako Foruen oroitarriaren eta Parlamentuko egoitzaren artean, eta gero kartzelarainoko manifestazioa, hiriko erdigunetik sei kilometrora.
Agentzia | Erredakzioa
“Salbuespen neurriak” amaitzea eskatu die presoen aldeko Sare Herritarrak Espainiako eta Frantziako estatuei Iruñean.
Sarasate Pasealekuan eserialdia egin dute, Nafarroako Foruen oroitarriaren eta Parlamentuko egoitzaren artean, eta gero kartzelarainoko manifestazioa, hiriko erdigunetik sei kilometrora.
"Presoek eta euren familiek pairatzen dituzten samina, sufrimendua, urruntzearen errusiar erruleta eta euren eskubideen urraketa, hau da, Estatuen mendeku gosea" salatu ditu Mikel Mundiñano Sareko bozeramaileak.
Gaineratu duenez, manifestazioa "altxatuko garen ikurra" da, "martxan dagoen herria behar dugula, preso, erbesteratu eta deserriratuak etxera ekartzeko bidea baikara".
Manifestariak espetxe aurrean. Argazkia: EFE
"Azken hilabeteetan errepikatu dugu pandemiak eta alarma egoerak espetxeetako egoera asko gogortu dutela, eskubideen urraketa muturreko egoeretara iritsi dela, eta behin betiko irtenbidea eman behar diogula", azpimarratu du Mundiñanok.
"Euskal presoei eta euren familiei ezarritako salbuespenezko araudia behin betikoz bertan behera uzteko" exijitu die Espainiako eta Frantziako estatuei, "bada garaia, asko luzatzen ari delako, eta sufrimendu horrekin amaitu nahi dugulako".
Eserialdiaren ostean, lau ilara egin dituzte Sarasate Pasealekuan, COVID-19agatik ezarritako segurtasun tartea gordetzeko, eta manifestazioa egin dute Iruñeko espetxeraino, "salbuespenezko neurrien" aurkako kartelekin eta "euskal presoak etxera" oihuen artean.