Politika -

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak "ez du presarik" fasez pasatzeko

"Egun on Euskadi" ETB1eko saioan egindako elkarrizketa batean, pandemiaren jarraipena "egunez egun" egingo dutela esan du Arantxa Tapia sailburuak.

Arantxa Tapia. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Arantxa Tapia
''Ez dugu presarik; fase guztietan esan dugu sendotasunez emango ditugula urratsak''

4:57

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu eta konfinamendua arintzeko Eusko Jaurlaritzaren koordinatzaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du "presarik" fasez pasatzeko, eta "egunez egun" egingo du koronabirusaren bilakaeraren jarraipena, Iñigo Urkullu lehendakariak horri buruzko erabakia hartu aurretik. Hala, autonomia-erkidego bakoitzeko presidenteak duela horretarako eskumena gogorarazi du.

ETB1eko 'Egun On Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean, 3 fasea "zaintza eta kontrolekoa" dela esan du Tapiak. Izan ere, esan duenez, "gaixotasuna ez da desagertu, eta normaltasun berri horretara igarotzen garenean, berarekin bizitzen ikasi beharko dugu".

Zentzu horretan, Basurtuko ospitalean agerraldi berri bat agertu ostean, "zer gertatu den, non, zergatik, kontaktuak zeintzuk diren ondo ikuskatzea eta kontrolatzea" dagokiela azpimarratu du. "Orain hau gertatu da, eta kontrolpean dagoela uste dut", gaineratu du.

Hala, hasiera batean, konfinamenduaren malgutzearen fase bakoitzak 15 eguneko iraupena duela gogorarazi du, eta "beti ere, egunero gertatzen dena oso ondo jarraituz, fasea aurreratu edo ez aurreratu" daitekeela.

Hala, "normaltasun berri horren fasea"ren hasiera aurreratzea pandemiaren bilakaeraren inguruan egiten den eguneroko jarraipenean oinarrituta erabakiko dutela adierazi du.

"Uneotan dena dago mahai gainean, eta hori aztertzen ari gara. Baina ez dugu presarik. Fase guztietan irmotasunez jokatu dugu, eta pixkanaka pausoak ematen, eta osasuna beti lehentasun gisa hartuta. Beraz, presarik gabe eta egunero behatuz jardungo dugu. Zuhurtziaz eta zentzuz jokatu behar dugu, kasuen jarraipen oso hurbila eginez", ziurtatu du.

Nolanahi ere, lehendakariak duela fasez aurreratzeko edo ez aurreratzeko erabakia hartzeko ahalmena gogorarazi du Arantxa Tapiak, eta "jakina" egoera epidemiologikoa kontuan hartuta egingo duela, "ez egun horretan altxatzen den moduaren arabera".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea