Politika -
Alarma egoeraren bozketa
ERC seigarren luzapenean abstenituko da, eta EAJk aldeko botoa emango du
Jeltzaleekin adostutako akordioaren arabera, hirugarren fasean neurriak hartzeko eskumena lehendakariak izango du.
Agentziak | Erredakzioa
Alarma egoera seigarrenez luzatzeko asteazkeneko bozketan, ERC abstenitzeko akordioa itxi dute Kataluniako alderdi abertzaleak eta Espainiako Gobernuak. Kataluniak eta gainerako erkidegoek berreraikuntzarako Europako funtsaren kudeaketan parte hartzea onartu du Exekutibo zentralak, negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez.
La Vanguardia-k aurreratu duenez, Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordearen eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketen emaitza izan da akordioa. Era berean, "azken" luzapena izatea adostu dute biek.
ERCko zuzendaritza astelehenean bilduko da akordioa berresteko.
Luzapenaren aurkako botoa eman zuen ERCk azken bozketan, eta Espainiako Gobernuak Ciudadanosekin ituna itxi izana kritikatu zuen alderdi abertzaleak.
Negoziazioko iturriek azaldu dutenez, 3 fasean deseskalatze neurriak hartzeko eta aurrera eramateko orduan erkidegoek eskumenak izango dituztela adostu dute.
Horrela, "Kataluniak eskumenak berreskuratuko ditu eta deseskalatzearen azken fasean agintea izango du", Kataluniako eskualdeak 3 fasean sartzen diren unetik aurrera, ERCk azpimarratu duenez.
Elkarrizketa mahaiari dagokionez, ERCk adierazi duenez, "nahiz eta akordioan esplizituki ez aipatu, Espainiako Gobernuak negoziazio mahaia berriz biltzeko borondatea azaldu du publikoki, pandemia 'normaltasun berrian' sartzen denean".
Bestalde, EAJk aldeko botoa emango du asteazkeneko bozketan. Jeltzaleekin adostutako akordioaren arabera, deseskalatze planaren hirugarren fasean neurriak hartzeko eta aurrera eramateko eskumena erkidegoko presidenteak izango du, lehendakariak alegia.
EAJko iturriek jakitera eman dutenez, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea bildu dira. Akordioaren puntu hori jeltzaleek eskatuta sartu dute.
Puntu horren arabera, "deseskalatze planaren III fasean neurriak hartzeko, kentzeko, aldatzeko eta aurrera eramateko eskumena, esklusiboki, erkidegoko presidenteak izango du", erkidegoaz haratago askatasunez zirkulatzeko neurrien kasuan kenduta.
Jose Antonio Montilla Gorteetako Harreman Estatu idazkariak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak ere akordioaren edukia negoziatu dute beste bilera batean.
Osasun irizpide epidemiologikoak kontuan hartuta, Osasun ministroari probintzia ezberdinetan 3 fasea gainditzea proposatzeko aukera izango dute erkidegoek eta, honenbestez, "normaltasun berrian sartzea".
Itunak zehaztu duenez, Euskadiren kasuan, lurralde unitatea erkidego osoa izango da, eta ez lurralde historikoak.