Politika -

Eskumenak

EAEk 468.000 euro kenduko dizkio kupoari hiru transferentzia berriengatik

Farmazia gaien, eskola aseguruen eta lan-erregulazioko espedienteek eragindako langileentzako laguntzen eskuduntzen zenbatekoa 7,5 milioi euroan ezarri dute.

Botika gaien eskuduntza Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko da. Argazkia: Efe.
Botika gaiak
Botika gaien eskuduntza Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko da. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behin Eusko Jaurlaritzak farmazia gaien, eskola aseguruen eta ohiko erretiroa hartu baino lehen lan-erregulazioek harrapatutako langileentzako laguntzen eskuduntzak bere gain hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoak 468.000 euro gutxiago ordainduko dizkio Estatuari urteroko kupoan.  

Gobernu Kontseilua bukatutakoan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak hizpide izan du atzo Carolina Darias Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin  izan zuen bilera telematikoa, EAEri emateko dauden eskuduntzen egutegiaz hitz egiteko izanikoa.

Konfinamenduaren deseskalatzeko “3 fasera igaro bezain laster” hartuko du EAEk hiru eskuduntza berrien ardura. Erkorekak zehaztu duenaren arabera, eskuduntzen zenbatekoa 7,5 milioi euroan ezarri dute.

Hartara, bozeramailearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak diru horren % 6,24, hots, 468.000 euro, kenduko du Estatuak eman ez dizkion konpetentziengatik urtero ordaintzen duen kupotik.

Bi gobernuok emateko dauden 32 eskuduntzak eskualdatzeko kronograma bat hitzartu zuten otsailean, laugarren eta azken fasean Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa biltzen duena. Erkoreka eta Espainiako ministroak egindako bileraren ostean, COVID-19aren krisiak etendako egutegiari berrekin diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak