Politika -
Igande honetan
Patxi Ruizen aldeko pintaketak Arrasateko, Basauriko eta Villabonako batzokietan
"Ekintza hauek faszismotik eta totalitarismotik gertuago daude, demokraziatik eta askatasunetik baino", salatu dute jeltzaleek ohar batean.
Agentziak | Erredakzioa
Ezezagun batzuek Patxi Ruiz gose eta egarri greban dagoen ETAko presoaren aldeko pintaketak egin dituzte Arrasateko, Basauriko eta Villabonako batzokietan, EAJk salatu duenez.
Jeltzaleek “irmo” gaitzetsi dituzte pintaketak. “Ekintza hauek faszismotik eta totalitarismotik gertuago daude, demokraziatik eta askatasunetik baino. Elkarbizitzaren aldeko apustua berretsi egiten dugu eta elkarbizitza hori apurtzea helburu duten horrelako ekintzen aurrean atzera pausorik ez dugula emango adierazi nahi dugu”, esan dute EAJko ordezkariek.
EAJk, gainera, gogora ekarri du Arrasateko Udalean gainontzeko alderdi politikoekin “lanean” ari direla “bakearen era elkarbizitzaren alde, aurreko legealditik”. Hori dela eta, EAJko udal taldeak mozio bat aurkeztuko duela iragarri dute, gertatutakoa gaitzesteko.
“Deitoragarria da”
“Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek mozioa babestea espero dugu”, gaineratu dute. “Deitoragarria da erasoak eta gogorkeria beti ezkutuan erabiltzen duten pertsonak egotea, hitza eta elkarrizketa erabili beharrean”.
Arrasateko Udaleko alderdi guztiak gertatutakoa gaitzesteko ausardia agertzera deitu dituzte, eta “Arrasate askearen alde” egin dute, “denon artean eraikitakoa eta elkarbizitzan eta errespetuan oinarritakoa”.
Honelako hainbat pintaketa egin dituzte azken egunetan EAJren, PSE-EE eta Podemosen egoitzen atarietan, baita ezker abertzalearen Bilboko herriko tabernaren kontra ere, Patxi Ruiz presoari babesa emateko. Ezker abertzalearekin oso kritiko den Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduak hainbat kontzentrazio antolatu ditu.