Politika -
Protesta
Istiluak eta Poliziaren kargak Patxi Ruizen aldeko manifestazioan, Iruñean
Alde Zaharrean istiluak izan dira gauean. ETAko presoak bizi duen egoeraren aurka protesta egiten ari ziren gazteei irain egin diete herritar batzuek, eta liskarrak hasi dira.
eitb.eus
Istiluak eta Poliziaren kargak izan dira Iruñeko Gaztelu Plazan, arratsaldean, eta pertsona bat atxilotu dute. Liskarrak Patxi Ruiz ETAko presoaren aldeko manifestazioan gertatu dira. Sare Antifaxistak atxilotuak askatzea eskatu du.
Iruñeko Alde Zaharrean izan dira istiluak. Patxi Ruiz ETAko presoak bizi duen egoeraren (gose greban) aurka protesta egiten ari ziren gazteei irain egin diete herritar batzuek, eta orduan hasi dira liskarrak. Ondorioz, Poliziak esku hartu du.
Ehunka gaztek elkarretaratzea egin dute Gazteluko plazan. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari ez diote protestaren berri eman, eta sare sozialen bidez deitu dute. 20:30 aldera tabernetako terrazetan zen herritar batek gazteei irain egin die, eta aldi berean, haiek erantzun diote.
Bi polizia pertsona bat atxilotzen. Argazkia: EFE
Tentsio handiko uneak bizi izan dira. Terrazetako eserlekuak eta mahaiak jaurti dituzte, eta Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak esku hartu dute . Istiluetarako materiala erabili dute, gazteak sakabanatzeko.
Era berean, Sarasate pasealekura hurbiltzea eragotzi die Espainiako Poliziak gazteei; izan ere, egunero eta duela astebetetik, PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratze batek Espainiako Gobernuaren kudeaketaren aurka protesta egiten du bertan.
Liskarrak Iruñean. Argazkia: EFE