Politika -
Koronabirusa
Guardia Zibilak Gobernuaren aurkako albiste faltsuak identifikatzeko eskatu zuen
Estatu Nagusiko buruak apirilaren 15ean bidali zuen agindua posta elektronikoz, Gobernuaren aurkako klima “txikitzeaz” hitz egin baino lau egun lehenago.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilaren Estatu Nagusiak, Jose Manuel Santiago jenerala buru duenak, posta elektronikoa bidali zuen apirilaren 15ean guardia zibilek "Gobernuaren erakundeekiko kontrako jarrera edo estres soziala eragin dezaketen" buloak eta albiste faltsuak identifika ditzaten, koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma egoeraren baitan.
Europa Press-ek zabaldu duenez, mezuan azaltzen da Estatu Nagusiaren helburua "txosten monografiko bat" egitea dela, baina Espainiako Barne Ministerioko iturrietatik argitu dute ministroak ez duela inolako agindurik eman horrelako txosten bat egiteko.
Barne komunikazioa ez da konfidentziala eta Santiago jeneralaren ekimena da. Mezua bidali eta lau egunera polemika handia sortu zuen, koronabirusari buruzko informazioa emateko prentsaurrekoan esan zuelako Guardia Zibilaren egitekoen artean zegoela "Gobernuaren krisiaren kudeaketaren aurkako klima txikitzea".
Apirilaren 15eko mezuan hau eskatzen zen: "COVID-19ak sortu duen egoerarekin lotuta sortzen ari diren desinformazio kanpainak identifikatzea, aztertzea eta jarraitzea, eta estres soziala eta Gobernuko erakundeen aurkako jarrera sor dezaketen buloak eta albiste faltsuak gezurtatzeko argitalpenak egitea".
Estatu Nagusiak "administrazio eta ekintza judizialak" ere aipatzen ditu, eta "COVID-19arekin lotutako delituengatik edo iruzurrengatik itxitako webguneei edo sare sozialetako profilei" buruzko informazioa eskatzen du.
Guardia Zibilak ohar bat zabaldu zuen sare sozialen monitorizazioa kritiken zentsuratik bereizteko, eta bere burua "adierazpen askatasunaren bermatzaile" gisa aurkezteko.