Politika -

Koronabirusa

Alderdiekin hitz ez egiteagatik akordiorik ez lortzea leporatu dio Iriartek Urkulluri

EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, lehendakariarekin hitz egin zuen azken aldia apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzea erabaki zutenean izan zen.

Maddalen Iriarte, EH Bildko bozeramailea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Maddalen Iriarte, EH Bildko bozeramailea
Maddalen Iriarte, EH Bildko bozeramailea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriarte Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailea  "akordioetatik ihes egitea" leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, "ezberdinak direnekin hitz egitea gustatzen ez zaiolako".

Iriartek telemakoki emandako prentsaurrekoan esan du EH Bildu "kezkatuta" dagoela ez duelako "batere argi ikusten Jaurlaritzak nora zuzendu nahi dituen politika publikoak".

"Ondorio latzak ekar ditzakeen salbuespen egoera bizi dugu, eta, bitartean, bada milaka pertsonaren bizitzarekin jolasean ari denik, eta ez dakigu zein helbururekin", azpimarratu du.

Iriarte haserre agertu da eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean EH Bilduk autonomoei laguntzeko egindako proposamenak eztabaidatzen ziren bitartean, Urkullu hedabideen aurrean agertu zelako autonomoentzat eta enpresa txikientzat  30 milioiko laguntza berria iragartzeko.

"Gure proposamenak atzera botatzea gehiago ala gutxiago gustatu ahal zaigu, baina guretzat onargarria ez dena jarrera da, erabakiak batera hartu behar ditugu, akordioak bilatuz eta guztion ongizatea lortzeko, ez eliteena bakarrik", azaldu du Iriartek.

30 milioi euroak "nahikoa ez direla" adierazi ostean, laguntza hori "zergatik" erabaki duten galdetu du EH Bilduko ordezkariak, "Nafarroan, 650.000 biztanlerekin,hau da,  EAEn baino bost aldiz populazio txikiagoarekin, laguntzak 40 milioikoak direnean".

Alderdien mahaia

Maddalen Iriartek gogora ekarri du EH Bilduk behin era berriro eskatu duela mahai bat eratzea erakundeekin, alderdiekin, eragile ekonomiko eta sozialekin eta bestelako erakundeekin COVID-19ari aurre egiteko erabakiak adosteko. Proposamen hori ez diote zuzenean lehendakariari helarazi.

"Lehendakariak ez dit deitu. Berarekin azken aldiz hauteskundeak atzeratu egin zirenean hitz egin nuen, eta EH Bilduk pandemiari aurre egiteko sortutako plana eman nion, baina ez dut erantzunik jaso", gaineratu du ezker abertzaleko kideak.

Apirilaren 26tik aurrera adingabeek eta beharrizan bereziak dituzten kolektiboek  kalera atera ahal izateko Urkulluk egindako eskaerari dagokionez, Iriartek esan du "lehenengo eta behin txosten zientifiko argiak" izan behar dituztela pauso hori eman ahal izateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak EH Bildu bozeramailea Koronabirusa olatu berria