Politika -
Bilera telematikoa
Aitor Esteban eta Mertxe Aizpurua Pedro Sanchezekin bilduko dira gaur eta bihar
Espainiako Gobernuko presidenteak Parlamentuko taldeen ordezkariekin egingo duen bilera errenkadari dagozkio batzarrok.
Agentziak | Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak bilera telematikoa egingo du ostegun honetan Pedro Sanchezekin, Espainiako presidenteak koronabirusaren pandemiaren ondorioen aurrean “berreraikitze itun” bat lotzeko talde parlamentario guztiekin egingo duen bilera segidaren barruan.
Ostiralean, Mertxe Aizpurua EH Bilduko eledunarekin egingo du bideokonferentzia bidezko topaketa Sanchezek.Asteazkenean jarri ziren Moncloatik harremanetan bi euskal buruzagi politikoekin bileron datak eta orduak hitzartzeko, bi alderdi politikoetatik jakinarazi dutenez.
Estebanen eta Sanchezen arteko bilera gaur bertan izango da, 16:30ean, eta Aizpuruarekiko enkontrua bihar, ostirala, 12:30etik aurrera.
Duela zenbait egun, buruzagi jeltzaleak adierazi zuen bere alderdia prest dagoela akordioak lortzeko, baina, Sanchezek hala nahi bazuen ere, horiek ez direla Moncloako Itunekin identifikatu behar. EH Bilduk ere muzin egin dio Moncloako Itunak direlakoei buruz hitz egiteari, baina prest agertu da “berrairikitze sozialerako ekintza plan aurrerakoi bati” heltzeko.