Politika -

Koronabirusa

Kongresuak alarma-egoeraren bigarren luzapena baimendu du, apirilaren 26ra arte

270 diputatuk eman dute aldeko botoa, eta 54k kontrakoa. Sanchezek ziurtzat jo du 15 egunen buruan beste luzapen bat eskatu beharko duela

Diputatuen Kongresua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Diputatuen Kongresua, artxiboko irudian
Diputatuen Kongresua, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak baimena eman dio Espainiako Gobernuari bigarren luzapena dekretatzeko, alegia, apirilaren 26ra arteko luzapena dekretatzeko, martxoaren 14tik indarrean dagoen alarma-egoerari dagokionez. Bi alderdik, baina, kontrako botoa eman dute, bakoitzak arrazoi desberdinengatik: Voxek eta CUPek. Guztira, 270 diputatuk eman dute aldeko botoa, eta 54k kontrakoa (Voxeko 52ek, eta CUPeko 2ek).

Boto telematikoak eta aurrez aurreko botoak zenbatuta, alarma-egoera bigarren aldiz luzatzearen aldeko gehiengoa oso zabala izan da, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko; ondorioz, herritarrek gutxienez ia hilabete eta erdi emango dute etxean, konfinamenduan.

PSOEk eta Unidas Podemosek baiezkoa eman diote Espainiako Gobernuaren proposamenari, eta PPk, Ciudadanosek, EAJk, eta beste alderdi batzuek ere babestu dute; dena dela, alderdi gehienek gaitzetsi egin dute Gobernua, eztabaidan ikusi egin denez.

Lehen luzapena babestu zuten alderdien artean, batek bakarrik bozkatu du desberdin oraingoan: Voxek. Kontrako botoa eman du, eta, horrez gain, Santiago Abascal liderrak Pedro Sanchezen Gobernuaren dimisioa eskatu du.

ERC, JxCat, EH Bildu eta BNG abstenitu egin dira.

Espainiako Konstituzioak eta Kongresuko araudiak araututako tramite hau gaindituta, Ministroen Kontseiluak, ezohiko bileran, luzapena dekretatuko du. Indarrean dagoena apirilaren 11n amaituko da, eta beste hau horri batuko zaio.

Alarma-egoeretan, Konstituzioak 15 eguneko hasierako epea soilik zehazten du, ez luzapenen iraupenak. 15 eguneko hirugarren luzapenik onartuko balitz, maiatzaren 10eean amaituko litzateke hori; nolanahi ere, baliteke indarrean dauden baldintza batzuk aldatzea, pandemiaren bilakaerak hala aholkatuta.

Sanchezek "ziurtzat" jo du 15 egun barru berriro ere eskatuko duela luzapena

Testuinguru horretan, goizean, eztabaidan zehar, Pedro Sanchezek ziurtzat jo du 15 egun barru Kongresura itzuli beharko duela alarma-egoera luzatzeko, "ez baita pandemia amaituta egongo".

Kongresuko osoko bilkuran egindako bigarren agerraldian, Sanchezek horrela erantzun dio Oskar Matute Bilduko diputatuari, kritikatu egin baitu gobernua hamabost egunean behin dekretua luzatzera joaten dela.

Sanchezek azaldu du ez duela hilabeteko dekreturik eskatzen, "oposizioak esango lukeelako Parlamentuari ez diodala galdetu nahi. Nahiago dut hamabostean behin etorri".

Luzapen berri bat egongo dela "ziur" dagoela berretsi du, baina, "hala ez balitz, gauzak nabarmen hobetu direlako izango litzateke".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera