Politika -
Espainiako Errege Etxea
Soldata galduta ere, forudun izaten jarraituko du Juan Carlos I.ak
Hori horrela, Auzitegi Gorenak soilik epaitu dezake, eta 2014ko ekainaren 19tik (orduan abdikatu zuen) aurrera egindako delituengatik bakarrik.
agentziak | erredakzioa
Felipe VI.ak aitari ematen zion aurrekontuaren zatia kentzea erabaki arren, Juan Carlos I.ak errege familiako kide izaten jarraituko du, eta abdikatu zuenetik duen izaera juridikoari eutsiko dio.
Espainiako erregeak prentsa ohar batean iragarri zuen uko egiten ziola Juan Carlos I.a aitaren herentziari, azken egunotan zabaldutako informazioen ostean. Informazio horien arabera, Juan Carlos I.ak Saudi Arabiaren 65 milioi euroko dohaintza jaso zuen, eta, hain zuzen ere, horri lotutako itsasoz haraindiko elkarte baten onuraduna da Felipe VI.a.
Komunikatu horretan agertzen zenez, erregeak kendu egin dio aitari Estatuko Aurrekontu Orokorretik jasotzen zuen dirua, 200.000 euro inguru.
2014an koroari uko egitea erabaki ostean, Zarzuelak aitortu zuen jarduera ofiziala albo batera utzi izanak eragina izan zezakeela etorkizunean jasoko zuen soldatan.
Hala eta guztiz ere, Juan Carlos I.ak Errege Familiako kide izaten, errege izaten eta juridikoki forudun izaten jarraitu du, Gobernuko kideak eta Parlamentuko kideak bezalaxe.
Forudun izaten jarraituko duenez, Auzitegi Gorenak soilik epaitu dezake, eta 2014ko ekainaren 19tik (orduan abdikatu zuen) aurrera egindako delituengatik bakarrik.
Abdikatu zuen unean galdu zuen bortxaezintasuna, baina bortxaezin izaten jarraitzen du une hori baino lehenagoko delituetarako.
Hala ere, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Suitzari eskatu dio iker dezala Juan Carlos I.ari lotutako Panamako fundazio batetik Corinna Larseni egindako 65 milioi euroko dohaintza.