Politika -

UDAL HAUTESKUNDEAK

Abertzaleak nagusi Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetan

Macronen gobernuak bilera berezia egingo du datozen orduetan udal hauteskundeen bigarren itzulia egingo den ala ez erabakitzeko.

Hendaiako eskola bat, gaur goizean. Argazkia: Nerea Olaso.
Hendaia, gaur.
Hendaiako eskola bat, gaur goizean. Argazkia: Nerea Olaso.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal hauteskundeen lehen itzulia egin dute Ipar Euskal Herrian. Koronabirusa dela-eta, herritarrek bozkatzera joan ala ez erabaki behar izan dute, eta % 56ko abstentzioa izan da. Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko 250.000 herritar egon dira botoa ematera deituta, 158 herritako udalbatzak aukeratzeko.

Parisen Anne Hidalgo sozialista eta Rachida Dati errepublikanoa pasatu dira bigarren itzulira, eta Philippe lehen ministroa, Le Havre udalerrian.

Baionan, Jean Rene Etchegarayk botoen % 40 eskuratu ditu, baina haserre agertu da Gobernuak egoera honetan hauteskundeak bertan behera ez dituelako utzi. Angelun, Baigorrin eta Donibane Lohizunen egungo alkateek jarraituko dute agintean, bigarren itzulira joan beharrik izan gabe.

Bozkatu duten horiek higiene neurriak zaindu behar izan dituzte: eskuak garbitu, metro bateko distantzia errespetatu edota bolaluma etxetik eraman. 

Perpinyà hirian, ultraeskuinak datu onak lortu ditu, eta Aliot hautagaia izan da nagusi.

Historiako parte-hartze txikiena

Udal hauteskundeen lehen itzuliko historiako parte-hartze txikienarekin itxi dituzte Frantziako hauteslekuak; izan ere, ez du % 50 gainditu.

Parte-hartzea % 45 ingurukoa izan da, eta % 63,55ekoa izan zen 2014an (ordura arte lehen itzuli batean izandako abstentziorik handiena).

Macronen gobernuak bilera berezia egingo du datozen orduetan udal hauteskundeen bigarren itzulia egingo den ala ez erabakitzeko. Edouard Philippe lehen ministroak jakinarazi du adituen iritziak entzun eta gero hartuko dutela erabakia.

Macronen gobernua batzorde zientifikoarekin bilduko da erabakia hartzeko, eta ez dute konfinamendu neurri zorrotzagoak aplikatzea baztertzen. 

Hautetsontziak itxi eta berehala, bigarren itzulia bertan behera uzteko eskatu dute hainbat politikarik; izan ere, koronabirusak 5.400 pertsona kutsatu eta 120 hil ditu dagoeneko Frantziako Estatuan, azken datu ofizialen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Frantzia Baiona Maule Donibane Garazi Ipar Euskal Herriko Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Beherea