Politika -
Europako Parlamentua
Puigdemontek autodeterminazioa defendatu du osoko bilkuran egindako lehen hitzaldian
Eurodiputatu eta Kataluniako presidente ohiak Europako Parlamentuko osoko bilkuran hitz egin du lehen aldiz gaur, autodeterminazio eskubidearen alde.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemontek Europako Parlamentuko osoko bilkuran hitz egin du gaur, lehen aldiz. Eurodiputatu eta Kataluniako presidente ohiak autodeterminazio eskubidea defendatu du.
Hitzaldi labur batean, Europar Batasuneko txandakako presidentetza kroaziarraren lehentasunei buruzko eztabaida baten barruan, "lurralde gatazkak konpontzeko irtenbiderik onena" autodeterminazio eskubidea dela azpimarratu du Puigdemontek.
"Gaur Katalunia Europako barne auzi bat da, horregatik irtenbide politiko bat aurkitu behar dugu, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidetik", adierazi du Puigdemontek bere adierazpenean.
"Europako politikariek urrats bat aurrera egin, eta autodeterminazioaren eskubidea garatuko duen mekanismo europarra garatu behar dute, errepresioa ezin baita izan konponbidea", adierazi du buruzagi independentistak.
Ingelesez egindako hitzaldiaren ostean, Ganberako presidenteak galdetu dio ea bi eurodiputatuk bere hitzaldiari erantzuteko egin duten eskaera onartzen zituen, baina atzera bota ditu bi eskariak.
Eskari horietako bat Dolors Montserrat Europako Parlamentuko PPko buruzagiak egin du, eta Luis Garicano Ciudadanos alderdiko kideak egin du bestea, Europako Parlamentuko iturriek EFE albiste-agentziari azaldu diotenez.