Politika -
Gabonetako mezua
Katalunia ‘kezka larria’ dela onartu du erregeak, eta Konstituzioaren alde egin du
Felipe VI.aren Gabonetako mezuak 12 minutu iraun du, eta oraingoan Kataluniari aipamen zehatza egin dio.
Agentziak | Erredakzioa
Felipe VI.a erregeak Gabonetako mezuan onartu du Katalunia dela Espainiak duen "kezka nagusietako bat". Espainiako demokraziaren oinarrizko balioak indartzera deitu du, eta aipamen berezia egin die "elkar ulertzeko borondateari" eta "gure ezberdintasunak Konstituzioaren errespetuaren barruan integratzearen garrantziari", "lurralde aniztasuna onartu eta indarra ematen digun batasunak definitzen eta babesten baititu".
Gobernu-eraketa
Estatuko buruzagiak gainetik aipatu du Pedro Sanchezen inbestidurarako PSOEren, Unidas Podemosen eta ERCren arteko negoziaketa eta Espainia "Diputatuen Kongresuak hautagaia aukeratzeko prozedura konstituzionalean" murgilduta dagoela adierazi du soilik. Konstituzioaren arabera, Kongresuari dagokio "espainiar guztien interes orokorrerako egokiena iruditzen zaiona erabakitzea".
Kataluniako gatazka
Erregeak Katalunia behin bakarrik aipatu du, Espainiak dituen "kezka larrien" artean, iraultza teknologikoaren kohesio sozialerako ondorioekin eta herritarrek erakundeengan duten konfiantza eskasarekin batera. Hala ere, erkidego horren egoera duela sei urtetik hona (2014tik) urtero aipatu izan du Gabonetako mezuetan.
"Pentsa dezagun handi, egin dezagun aurrera handinahiz"
Aurten, Espainiako gizartearen gaitasunaren aldeko mezua plazaratu du erregeak. "Konfiantza izan dezagun geure buruarengan, gure gizartean; konfiantza izan dezagun Espainiarengan, eta gure arazoak konpontzeko, eutsi diezaiegun partekatzen ditugun balio demokratikoei, gure bizikidetza higatu eta gure etorkizuna txirotuko duten zatiketarik eta liskarrik gabe".
Mezuan hainbat erronka identifikatu ditu, hala nola, aro teknologiko berria, EBren norabidea, migrazio mugimenduak, gizon eta emakumeen arteko lan desberdintasuna, klima aldaketari eta iraunkortasunari aurre egiteko modua, enplegu falta, batez ere gazteengan eta zailtasun ekonomikoak dituzten familiengan. "Kezka nagusia" izaten jarraitzen dute, "krisi ekonomikoak desberdintasun maila areagotu duelako".
Muturreko autokonplazentziaren edo autokritika suntsitzailearen aurka
Erregeak azaldu du lan ugari dagoela egiteko, hobetzeko eta berritzeko, eta horrek "muturretan ez erortzea" eskatzen du. Berak aitortu bezala, "gabeziak edo akatsak isilaraziko dituen autokonplazentzia batean eta ondare hiritar, sozial eta politiko handia ukatzen duen autokritika suntsitzaile batean".