Politika -
Ipar Euskal Herria
'Ardura historikoz' jokatzeko eskatu diote preso ohi eta iheslariek Macroni
Azken asteotako erabaki judizialak salatu dituzte. Erabaki horiek "onartezintzat eta probokaziotzat" hartu dituzte. "Ez dute inolako oinarri juridikorik, erabaki politiko hutsak dira", adierazi dute.
eitb.eus
Urtarrileko mobilizaziotik hiru astera, gaur Ipar Euskal Herriko Preso ohi eta Iheslarien elkarteak parte hartzeko deia zabaldu du Baionan. Presoen kaleratzea ahalbidetuko duten neurriak eskatu dizkiote Frantziako Gobernuari, eta azken asteotako erabaki judizialak salatu dituzte. Emmanuel Macron Frantziako presidenteari "ardura historikoz" jokatzeko deia egin diote.
Gaur goizean egin dute agerraldia. Gatazkaren ondorioen konponbideak bizi duen "blokeo" egoeratik haien "arrangura adierazteko", eta konponbide prozesuari "ekarpena egiteko", Berria-k jakitera eman duenez. Baionako katedralaren aurrean Saroia Galarraga eta Gabi Mouescak irakurri dute agiria.
Gatazkaren ondorioek konponbide "integrala" lortzeak "erabaki politiko azkarrak eta erantzukizunez" aritzea eskatzen dutela azpimarratu dute. "Ion Parot, Frederic Haranburu Xistor, Jakes Esnal eta Lorentxa Beyrieren baldintzapeko askatasun eskaerei Ministerio Publikoak eta hainbat epailek emandako erantzun ezkorrak arbuiatzen ditugu", erantsi dutenez.
Erabaki horiek "onartezintzat eta probokaziotzat" hartu dituzte euskal preso ohiek, Euskal Herriko egoerak izan duen bilakaera "ukatu" egiten dutelako. "Ez dute inolako oinarri juridikorik, erabaki politiko hutsak dira", adierazi dute.
Bestalde, Ipar Euskal Herrian azken urteetan eraiki den elkarlan dinamikarekin bat egiten dutela berretsi nahi izan dute euskal preso ohiek.