Politika -
Europako ebazpenaren ostean
Junqueras: 'Guztiz gailenduko gara, baina ez dakigu noiz'
Hala ere, "zuhurtzia" eskatu du ERCko buruzagiak. Auzitegi Gorena "gauzak legez ez egiten" ikustera "ohituta" dagoela gogorarazi du. "Egindako ezer ez zen delitua izan", errepikatu du.
Agentzia | Erredakzioa
Europako Justizia Auzitegiaren epaiak espetxetik ateratzeko, aske geratzeko eta Europako Parlamentura itzultzeko aukera ematea espero du Oriol Junqueras ERCko buruzagiak. Immunitatea aitortu zion Europako Auzitegiak ostegunean.
Biharamunean, Catalunya Radiok egindako elkarrizketan, epaiarekin pozik agertu da Junqueras. "Garaipenak guztiz gailenduko garela esaten digu, baina ez dakigu noiz", azpimarratu du ERCko buruzagiak.
Hala ere, Junquerasek "zuhurtzia" eskatu du. Elkarrizketa idatziz egin diote Lledonerseko (Bartzelona) espetxean, kazetariak eta buruzagi politikoak kristala erdian zutela.
Auzitegi Gorena "gauzak legez ez egiten" ikustera "ohituta" dagoela adierazi du; izan ere, proces auziko zigortuak "hasiera batetik erabat baliogabetutako prozesu judizial" baten biktimak izan ziren.
"Egin genuen guztia legezkoa izan zen, autodeterminazio erreferendum bat egitea Zigor Kodean ez dagoelako jasota, eta nazioarteko legediak aitortutako eskubide legitimo bat da", esan du Junquerasek.
"Egindako ezer ez zen delitua izan", errepikatu du. "Berriz saiatzeko eskubidea irabazi dugu", gaineratu du ERCko buruzagiak.
Esquerrak aldebakarreko bidea utzi duela esan du PSOEk azken egunetan. Independentistak aldeaniztuneko negoziazio baten alde beti agertu izan direla nabarmendu du Junquerasek.
Zentzu horretan, politikari preso independentistek "Estatuarekin negoziatzeko borondatea" sekula galdu ez dutela azaldu du.
Dolors Montserrat (PP) edo Fiskaltza Junquerasen askatasunaren aurka agertu dira dagoeneko. ERCko buruzagiaren ahotan, fiskalak epaiketan zehar "erretrataturik geratu ziren jadanik". Montserratek edo Meritxell Batet Kongresuko presidenteak diputatu gisa aritzerik ez duela begietara esatea gustatuko litzaiokeela erantsi du.
"Nire eskubideak urratu zituzten, eta aske uzten didatenean zergatik gertatu zen begietara esatea nahiko nuke", azpimarratu du buruzagiak. Era berean, indultua errefusatu du: "Gorde dezatela"; izan ere, azkenean "Europako justiziak" erabakiko du, "gertatzen ari den bezala".
Europako Parlamentura itzuli nahi duela onartu du Junquerasek, "Katalunia defendatzeko". ERCko buruzagia eurodiputatu izan zen jadanik.
Kataluniako independentzia defendatzeari sekula utziko ez diola nabarmendu du Junquerasek. Azkenik, Quim Torra Generalitateko presidenteari ezarritako kargu publikoan aritzeko debekua mintzagai izan du ERCko buruzagiak. Junquerasen hitzetan, pankarta bat kendu nahi ez izanagatik inhabilitatzeak "Espainiako Justiziaren maila agerian utzi du".