Politika -
Altsasu auzia
Altsasuko gazteen gurasoek 'lasaitasunez' hartu dute hirugarren graduaren albistea
Dena dela, "bidegabekeria hau" ahal den toki guztietan salatzen jarraituko dute, eta, “berandu baino lehen”, gazteak berriro euren eguneroko bizitza egiten ikustea espero dute.
Agentziak | Erredakzioa
Altsasuko Gurasoak eta Altsasuoak Aske plataformek "lasaitasunez" hartu dute Altsasuko bi gazteri emandako hirugarren graduaren inguruko albistea, baina bi gazteen gradu aldaketa "zigor bidegabe baten aplikazioan" kokatu dute, "prozesu bidegabe" baten barruan. Izan ere, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea leporatuta daude preso.
Zehazki, Zaballako espetxeko tratamendu batzordeak Iñaki Abad eta Aratz Urrizolari eman die hirugarren gradua, zigorraren laurdena bete ostean. Altsasuko gazteen gurasoek, ordea, ez dakite gainerako zigortuen sailkapen penala aldatu duten edo ez.
Alabaina, neurri hori "espetxeko lege arruntaren aplikazioaren zehaztapena eta gazteei ezarritako zigorraren parte" dela salatu dute ohar batean. Ildo horretan, gradu aldaketak "sufrimendua arintzen" lagundu diela aitortu dute, baina errealitate hori bizi duten bitartean, "egunetik egunera bidegabekeria handiagoa" dela azpimarratu dute.
Hala, hirugarren graduak, lanegun bakoitzean gazteak espetxera lo egitera itzuli beharko direla esan nahi duela gogora ekarri dute, eta, horrenbestez, "ez dituzte aske utzi, eta gainerako gazteek espetxean jarraitzen dute ezarritako zigorra betetzen".
Testuinguru horretan, "bidegabekeria hau" ahal den toki guztietan salatzen jarraituko dutela ziurtatu dute Altsasuko Gurasoek, eta, "berandu baino lehen", gazteak berriro haien eguneroko bizitzarekin ikustea espero dute.
"Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, horrelako bidegabekeriak Altsasun eta beste inon errepika ez daitezen", azpimarratu dute.
Azkenik, elkartasun adierazpenak eskertzeaz gain, "zuhurtzia eta errespetua" eskatu dute, prozesu honetan zehar zabaldutako "zurrumurruek eta informazio batzuetako zorroztasun faltak" ez dutelako lagundu Altsasuko gazteen askatasuna lortzeko bidean aurrera egiten eta "neurrigabekeria juridiko aberrante honekin amaitzen".
Radio Euskadin, Gotzon Urrizola elkarrizketatu dute, eta baieztatu egin du bere semeak eta Iñaki Abadek hirugarren gradua jaso dutela, baina lo egitera espetxera itzuli beharko dutela azpimarratu du.