Politika -
Presoak
Hirugarren gradua eman diete Altsasuko gazteetako biri
Iñaki Abad eta Aratz Urrizola ostiral honetan aterako omen dira Zaballako espetxetik. Espetxeetako iturriek hirugarren gradua emango dietela baieztatu diote EFE agentziari.
EITB.EUS
Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Altsasuko gazteei hirugarren gradua eman die Zaballako espetxeko Tratamendu Batzarrak, EFE agentziak baieztatu duenez. Ostiral honetan bertan atera daitezke Zabalako espetxetik, Antton Ramirez de Alda Adur gazte altsasuarraren aitak jakitera eman duenez.
Espainiako Auzitegi Gorenak lau urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Abadi, eta hiru urte eta sei hilabetekoa, Urrizolari. Zigorraren hiru laurdenak bete dituzte jada.
Adur Ramirez de Alda altsasuar gazte presoaren aitak jakinarazi duenez, bi gazteek gurasoei deitu diete gaur arratsaldean hirugarren gradua emango dietela esateko. Erabaki hori baieztatu dute espetxeetako iturriek.
Hirugarren graduan sailkatutako presoak erregimen irekian daude, egunez eta asteburuetan kalean egon daitezke, eta astelehenetik ostiralera gaua kartzelan igaro behar dute.