Politika -
Katalunia
Otsailera atzeratu dute Puigdemonten, Cominen eta Puigen euroaginduei buruzko saioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak immunitate eskaerak ebatzi arte itxarotea erabaki du Belgikako Justiziak.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Justiziak otsailaren 3ra atzeratu du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta Toni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiak Espainaratzeko eskaerei buruzko saioa.
Simon Bekaert defentsaren abokatuak azaldu duenez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak immunitate eskaerak ebatzi arte itxarotea erabaki du Belgikako Justiziak.
Puigdemont eta Comin europarlamentari aukeratu zituzten maiatzeko hauteskundeetan, eta, horrenbestez, immunitatea dutela aldarrikatu dute. Sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita eskatu du estradizioa Espainiak.
Lluis Puigi, aldiz, dirua bidegabe erabiltzea baino ez dio egotzi Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak. Puig ez zen aurkeztu Europako hauteskundeetara.