Politika -
100 egun Gobernuan
Chivite: 'Aberastasuna sortzea eta berdintasuna eta jasangarritasuna ditugu helburu'
Nafarroako presidenteak agintean daramatzan 100 egunen balantzea egin du. "Nafarroaren aniztasuna aberastasun gisa hartu behar dugu, eta ez liskar elementu gisa".
Agentziak | Erredakzioa
Maria Chivite sozialistak 100 egun egin berri ditu Nafarroako Gobernuaren buru. Hain justu, hiru hilabete pasatxo horien balorazioa egiteko orduan, Exekutiboaren helburuak zeintzuk diren gogorarazi ditu Nafarroako presidenteak: "Nafar herritarrekin konpromiso hirukoitza hartu genuen: aberastasuna sortzea, berdintasuna aldeko borroka eta garapen jasangarria sustatzea".
Nafarroako Gobernuak lehen 100 lan-egunetarako lehentasunezkotzat jo zituen 160 neurrien balantzea egin du Chivitek, eta horiek garatzen jarraitzeko borondatea erakutsi du. "Aberastasuna sortzea dugu helburu, Espezializazio Adimenduko Estrategiaren bitartez; berdintasunaren aldeko borroka, Osasun, Gizarte Eskubide eta Hezkuntza politiken bitartez; eta garapen jasangarria, NBEk sustatzen duen 2030 Agendaren helburuak betez", adierazi du.
Nafarroaren erronka nagusiak gogorarazi ditu presidente sozialistak, eta horien artean enpleguen kalitatea nabarmendu du, gazteentzat bereziki. Gainera, desberdintasuna ezabatzea (genero-desberdintasuna bereziki), ongizate-estatua sendotzea (zaharkitzeari, trantsizio teknologikoari eta klima-aldaketari aurre egiteko) eta lurralde-kohesioa handitzea aipatu ditu helburu gisa.
Halaber, Nafarroak duen aniztasuna "aberastasun gisa" hartzeko deia egin du, "eta ez liskarrerako elementu gisa".