Politika -

Katalunia

Autodeterminazioaz eztabaidatu ezin dutela ohartarazi dio Konstituzionalak Torrenti

Kataluniako Ganberak autodeterminazio eskubidearen aldeko edo Espainiako erregearen kontrako ebazpenik onartzen badu, desobedientzia delitua izan daitekeela abisatu dio Konstituzionalak Torrenti.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hirugarren ohartarazpena igorri die gaur Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari eta Ganberako horretako Mahaiko kideei, bere aginduak betetzen ez badituzte, desobedientzia delitua izan daitekeela abisatuz.

Joan den urriaren 22an, Parlamentuko Mahaiak autodeterminazio eskubidearen eta Kataluniako subiranotasunaren aldeko eta Espainiako Erregearen kontrako ebazpen bat eztabaidatzea adostu zuen. Gainera, hilaren 29an, proposamen horren aurka PSCk, Ciudadanosek eta PPk egindako eskaera bat atzera bota zuen.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak onartutako bi ebazpen horiek baliorik gabe uzteko eskatuz, eta honek hala  egin zuen.

Beraz, autodeterminazio eskubidearen aldeko edo Espainiako Erregea arbuiatzeko edozein ekimen parlamentario geldiarazteko obligazioa daukatela ohartarazi die gaur Konstituzionalak Mahaiko kide guztiei.  

Torrent: "Ez dut zentsurarik onartuko"

Bestalde, Roger Torrentek azpimarratu du ez dituela Konstituzionalaren mehatxuak kontutan hartuko, Kataluniako Parlamentuan "denaz hitz egiteko aukera egon behar delako".

"Kataluniako Parlamentuan denaz hitz egin eta eztabaidatu eta dena bozkatu daiteke. Hori da diputatuen adierazpen askatasuna bermatzea eta ordezkatzen dituzten herritarren eskubideak babestea", azaldu du.

Hortaz, Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaia salatzeko ERCk, JxCATek eta CUPek adostu zuten proposamena Parlamentuan eztabaidatzea eta bozkatzea galaraziko ez duela ziurtatu du.  

"Espainiako Gobernuak niregan jarri du ardura guztia, baina Espainiako Gobernuak ez du ulertu nahi debekatu nahi duen eztabaidak bizirik jarraituko duela Kataluniako gizartean. Hau ez da presidente baten araberako gaia", zehaztu du.  

Horrez gain, eztabaida parlamentarioak mugatzea "oso garrantzitsua" dela esan du eta gogora ekarri du autodeterminazio eskubideari buruzko ebazpenak 1989tik onartu direla Kataluniako Ganberan.

"Mahaiko kideei eta Parlamentuko presidenteari mehatxu egiteko" Auzitegi Konstituzionalak premiazko bilera egin izana ez dela normala salatu du.

Amaitzeko, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari "jazarpen parlamentarioari" uko egin diezaiola eta "politikaz hitz egiteko mahai batean" eseri dadila eskatu dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Auzitegi Konstituzionala Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Gobernua