Politika -
ETAko presoak
Gaixo dauden presoak aske uzteko eskatu dio Gobernuari Sarek
Asteartean hildako Jose Angel Otxoa de Eriberen heriotza salatu dute ehunka lagunek Gasteizen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sare herritarren sareak deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, larri gaixo dauden presoak aske uzteko eskatzeko Espainiako Gobernuari, "beranduegi izan baino lehen".
'Larriki gaixo dauden presoak, etxera' lelopean, ehunka pertsona bildu dira, asteartean hildako Jose Angel Otxoa de Eriberen heriotza salatu dute.
Otxoa de Eriberi 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izateagatik, eta joan den uztailaren 5ean espetxetik irten ondoren, bere etxean hil da aste honetan. Espetxe Erakundeak hirugarren gradua eman zion, bere osasunaren egoera larriagatik.
"Salatu nahi dugu, beste behin ere, saihestu zitekeen heriotza bat. Salatu nahi dugu ere, Jose Angelen moduan, hainbat euskal preso daudela, sendaezinak diren gaixotasunekin, euren bizia eskuetatik ihesi doakiela ikusten duten bitartean, espetxean, Gobernu espainiarraren eta Justiziaren pasibitatearen aurrean. Horren adibide da, Ibon Fernandez Iradiren kasua, beste behin ere, justiziak bere gaitzaren gaineko erabakia ebazteko epea luzatu baitu, bere egoeraren larritasuna aintzat hartu gabe, bere etxeratze prozesua eternizatuz", esan du Sarek.