Politika -
Topaketa
NBEk Madrilen egingo du klima aldaketari buruzko goi-bilera, abenduaren 2tik 13ra
Hasieran, COP25 goi-bilera Txilen egiteko asmoa zuten, baina topaketa hori bertan behera utzi zuten, metroko txartelen prezioaren igoeraren aurkako protestak direla eta.
Agentziak | Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Madrilen egingo du klima aldaketari buruzko COP25 goi-bilera, abenduaren 2tik 13ra bitartean. Hala iragarri du ostiral honetan Patricia Espinosa Klima Aldaketari Buruzko NBEko idazkari exekutiboak, Pedro Sanchezen gobernuak egindako proposamena onartu ostean.
Hasieran, klima aldaketaren inguruko goi-bilera Txilen egiteko asmoa zuten, baina topaketa hori bertan behera utzi zuten, metroko txartelen prezioaren igoeraren aurkako protestak direla eta. Testuingu horretan, Sanchezek Madril eskaini zuen goi-bilera egiteko egoitza gisa, eta Sebastian Piñera Txileko presidenteak Espainiako Gobernuaren "eskaintza eskuzabala" eskertu zuen. Hala, “egoera mingarri honi” lehenbailehen irtenbide bat emateko eskatu zuen.
NBE klima aldaketari buruzko goi-bilera beste toki batean egiteko prest agertu zen, eta gaur bertan baieztatu du lekualdaketa. "COP25 goi-bilera abenduaren 2tik 13ra Madrilen (Espainia) izango dela iragartzeak asko pozten gaitu", adierazi du Espinosak ohar batean.
Gauzak horrela, ez dute goi-bilera horren data aldatu. Hasiera batean, Brasilen egitea proposatu zuen NBEk, baina Jair Bolsonaro presidenteak ez zuen onartu, klima aldaketari aurre egiteko nazioarteko politikekin dituen desadostasunak direla eta.
Sanchezen gobernuak ostegunean azaldu zuenez, “COP25 goi-bilera normaltasunez egingo dela bermatzeko, presidenteak espazio bat utzi nahi die Txile eta Iberoamerikako eskualdeari. Horrela, topaketa hori aurera eramateko herrialdeak egin duen ahalegina eskertu nahi du, Espainiak atzerri politikarekiko duen lehentasunekin bat eginez”.