Politika -

Altsasuko auzia

Hainbat ekimen egingo dituzte Altsasun, auzia hasi zela hiru urte bete direnean

Altsasukoak Aske plataformak kontzertuak, erakusketak eta mahai-inguruak antolatu ditu azaroan, Altsasuko gazteak duela hiru urte espetxeratu zituztela gogoratzeko.

Altsasukoak Aske plataformako kideak eta gazteen gurasoak. Argazkia: Altsasukoak Aske
Altsasukoak Aske plataformako kideak eta gazteen gurasoak.
Altsasukoak Aske plataformako kideak eta gazteen gurasoak. Argazkia: Altsasukoak Aske

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasukoak Aske plataformak hainbat ekimen antolatu ditu azarorako herrian, Altsasuko auzia duela hiru urte hasi zela gogoratzeko eta harrezkero zazpi gazte espetxean daudela salatzeko.

"Hiru urteko labirintoa" goiburupean, kontzertuak, erakusketak eta Altsasuko auziaren gakoak aztertzeko mahai-ingurua antolatu dituzte. Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta sei hilabeterainoko espetxe-zigorrak ezarri dizkie Altsasuko gazteei duela hiru urte bi guardia zibilekin taberna batean izan zuten liskarra dela eta.

Antolatzaileek azaldu dutenez, azaroaren 2an, kontzertuak egingo dituzte Burunda frontoian eta Iortia plazan jarriko dute karpa handi batean, "Txikitasunetik egia erein" lelopean. Hogei talde baino gehiago igoko dira taula gainera.

Azaroaren 5ean, Santiago Sierraren "Preso politikoak Espainia garaikidean" erakusketa inauguratuko dute Kultur Etxean. 2018an erakutsi behar zuten obra hori Arcon, baina zentsuratu egin zuten. Erakusketak 74 preso politikoren irudiak biltzen ditu, zuri-beltzean, eta tartean Altsasuko gazteak ageri dira.

Altsasukoak Aske plataformak eta gazte espetxeratuen gurasoek Sierraren obrak jarraipena izatea nahi dute eta, ondorioz, zentsuratutako argazki gehiago erakusgai jartzeko aukera izango dute herritarrek azaroan zehar.

Ekimenak azaroaren 30an amaituko dituzte, ekitaldi xume batekin eta bideo-emanaldi batekin.

Bestalde, joan den larunbatean Iruñean egindako mobilizazio jendetsuan parte hartu zuten herritarrei esker ona adierazi diete Altsasuko gazteen gurasoek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Presoak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak azken ordukoa